Astelehenean, uztailak 12, abiatuko da
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 2010-11 ikasturtean ematen hasiko den gradu ikasketa berrietarako izena emateko epea. Graduko ikasleek matrikulatzeko izango duten prozedura nabarmen aldatu da, aurten unibertsitaterako sarbide probak ere aldatu direlako, EHUko iturriek azpimarratu dutenez. Selektibitate berri hori lehendabizi egin zen pasa den ekainean, ohiko deialdian, eta ezohiko deialdia atzo bukatu zen. 2010-11 ikasturterako ez da noten araberako deialdi orokorrik egingo, orain arte egin den moduan, gradukako deialdiak baizik. "Arrazoia hauxe da: selektibitatean fase orokor bat egon da, ikasle guzti-guztiek egin beharko dutena; eta beste fase espezifiko bat, borondatezkoa, fase orokorrean lortutako nota hobetzeko balio duena. Horregatik, ikasle bakoitzaren azken nota aldatuko da fase espezifikoan egindako gaiek hautatutako graduarekin duten harremanaren arabera", azaldu dutenez. Argazkian, Leioa eta Erandioko campuseko ikastegietako bat.