Areetako 68 urteko gizon elbarri bat zendu da gaur goizean bere etxean, etxebizitzan sute bat izan ostean. Ezbeharra Negubide kaleko 1. zenbakian jazo da, INEMeko bulegoen ondoan. Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, sutea 13:25ak aldera sortu da, etxeko lehenengo solairuan. Lekuraino bertaratu dira suhiltzaileak, DYAko kideak, Getxoko udaltzainak, Babes Zibileko arduradunak eta Ertzaintzako agenteak, baina lehenengoak heltzean dagoeneko hilik aurkitu dute izen-abizenak eman ez dituzten gizona. Handik aurrera, sutea amatatu eta suaren ondorioz apurtu diren leihoak erretiratu dituzte, istripuak ekiditeko. Lanak 14:30erako amaitu egin dituzte, beste auzokiderik ez dutela lekuz aldatu behar izan. Osasun zerbitzuetako langileek artatu behar izan dituzten bakarrak ertzain eta udaltzain batzuk izan dira, behar beste babes barik sartu eta kea arnastu dutelako. Argazkian, suhiltzaile batzuek sute bat amatatzeko prestatzen, artxiboko irudi batean.