ETAren biktimak soilik omendu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko uzt. 13a, 00:41

"ETAren eta baita GALen terrorismoaren biktimei, Getxon hildakoei edo terrorismoaren ondorioak jasan dituzten udalerriko auzokideei" omenaldia eskaintzen ari zitzaiela esan zuten Getxoko Udaleko arduradunek joan den larunbatean, instituzio-ekitaldi batean. GALek akabatutako biktima, Xabier galdeano, ordea, ez zegoen jasota omenduen zerrendan, Estatuko Segurtasun Indarrek hildakoekin gertatu bezala. Agirian, Euskadi Ta Askatasuna erakundeak hildako 17 pertsona baino ez ziren jaso, gehienak guardia zibilak, poliziak eta enpresariak zirela. Ekitaldian, ETAko bi kide ohi ere omendu zituzten, baina halere, ez zen arazorik izan ekitaldia egiteko eta, gainera, omendutakoen senideekin eta udal ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako hainbat arduradun hurbildu ziren, beste hainbat omenaldi debekatu dituen Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua barne. Bestalde, Algortan ETAk hildako beste biktima bat falta izan zen. Argazkian, Imanol Landa omendutako senideekin "Gure Etxea" izeneko eskulturaren ondoan.

Omenaldia Udalbatzaren aretoan hasi zen eta 17 biktimen oroimenez Neguriko San Inazio plazan jarritako eskulturaren ondoan amaitu zen ekitaldia, lore eskaintza batez. "Handia da urte guzti hauetan ETAren eta baita GALen indarkeri terroristagatik hildako 18 pertsona horiei zor diegun errekonozimendu defizita", adierazi zuen orduan alkateak, nahiz eta omenduen listetan ETA erakundearen biktimak soilik agertu. "Dudarik gabe gure herriak duen zor historikoa da eta hori gaurtik era progresiboan ordaintzen joan behar dugu eta nahi dugu. Aurretik, tristuraz eta ezintasunez beterik onartu behar dugu, hori guztia eginda ere, zuen senidearen falta eta horrekin suntsitutako bizitza eta beste asko apurtu izanak dakartzan trauma, ilusioak eta hondatutako bizipenak ezin izango ditugula inoiz arindu, hori baita konpondu ezinezko drama", nabarmendu zuen Landak.

Autokritika

Alkate getxoztarrak, egungo Udalbatzako talde politiko guztien komuneko lana eta akordioa azpimarratu ondoren, eskerrak eman zizkien biktimen senideei, "egin duten ekimenari buruzko balorazio positiboak duintasun eta eskuzabaltasun lezioa izateaz gain, gaur inoiz ez baino garrantzitsuagoa den ekitaldia egiteko behin betiko bultzada izan zelako niretzat. Eta eskerrak bihotzez eman nahi dizkizuet guztiei gure artean hartzeko, biltzeko, besarkatzeko aukera ematen diguzuelako, gure barnetik gure maitasuna, estimua, adiskidetasuna ematen, zuen senarren, aiten, anaien, semeen edo aitonen oroimenaren berreskurapenetik eta errekonozimendutik. Gure herrian indarkeri terroristaren adierazpen larrienak, erailketak suposatzen dituen zentzugabekeriaren, basakeriaren eta gizatasun gabekeriaren biktima izan zirenen oroimena berreskuratu eta gure egunetara ekarri nahi dugulako gaur", gaineratu zuen alkateak.

Senideen oroimena gogoratzeko eskaeratik, Imanol Landak erantzun sozial, instituzional eta politikaren errealitatean oinarritutako autokritika mezu argia ere igorri zuen, "ohorezko salbuespen batzuetan izan ezik, errealitate hori ez da biktimen familiei bizitzea tokatu zitzaien egoera dramatiko eta larrien mailatara egon".

Bestalde, omenaldiaren eguna "egin behar dugun bide luze baten hasiera baino ez da, gure udalerriko terrorismoaren biktima guztiei merezi dituzten duintasuna eta estimu soziala eta politikoa itzultzeko helburuarekin. Ulertzen dugulako gure gizartean zabaldutako zauriak sendatzetik eta orbaintzetik, prozesu horretatik sortzen diren oinarri onbideratuetatik eta sendoetatik soilik altxatu ahal izango dugula guztion etxea", dio familiarrek oroigarri gisa eraman zuten eskulturaren erreprodukzioak.

"Gizarte bezala lortu nahi dugun elkarbizitzarako denon gunea esan nahi du. Horretan denok babestuta eta ordezkatuta sentitu behar dugu, besteenganako errespetutik, desberdintasuna naturaltasunez onartzetik; intolerantea eta gorrotoa errefusatzetik; edozein indarkeriarekiko arbuio osotik”.

Imanol Landak elkarbizitzarako eta askatasunerako komuneko gunea sortzeko beharra aldarrikatu zuen "eta horretan guztiontzako tokia egon behar da; aniztasunean eta ideien, iritzien edo sinesmen desberdinetan eroso sentitu beharko dugu, eta baita desberdintasunean ere, baina beti guri bezala pentsatzen ez dutenei errespetu osoa erakutsiz". Hori irudikatzeko, Neguriko San Inazio plazan “Guztion Etxea” izenburua duen Julia Irazustabarrena artistak egindako oroimenezko eskultura jarri zuten.

Biktimak

Larunbatean egindako omenaldi horretan nahiz eta ETAko zein GALeko biktimak gogorarazi nahi izan, Getxoko Udalak zabaldutako omenduen listetan soilik agertzen dira Euskadi Ta Askatasunaren 17 biktima. Haietatik sei Guardia Zibileko partaideak ziren (Andres Silveirio Martin, Luciano Mata Corral, Luis Carlos Gancedo Ron, Jose Calvo de la Hoz, Carlos Perez Dacosta eta Jose San Martin Breton). Beste lau biktima Espainiako polizia nazionalak ziren (Jose Ramon Moran Gonzalez, Antonio Mesa Portillo, Moises Cosme Herrero Luengo eta Eladio Rodriguez Garcia). ETAko kideak izandako bi lagun ere omendu zituzten: Jokin Azaola Martinez, Espainiako printzeen bahiketa egin behar zuen komandoa salatu ei zuena eta Mikel Solaun Angulo, Algortako Guardia Zibilaren etxe-kasernaren aurkako atentatua desegin ei zuena. Enpresariei dagokienez, Javier Ybarra Berges, Manuel Hernandez Seisdedos, eta Domingo Javier Garcia Gonzalez taberna bateko jabea izan ziren gogoan hartutakoak. Azkenik, Rafael Miguel San Sebastian Flechoso, Iberdueroko langilea eta Jose Maria Lidon Corbi, epailea ere omendu zituzten. Dena den, aipatu behar da ETAk hil dituenen zerrenda horretan Getxoko auzokidea zen Jose Miguel Palacios Dominguez saltzailea falta izan zela. Palacios 1980 urtarrilaren 19an hil zuten Algortako Telletxe kalean.

Ekitaldiaren argazkiak:



[cc-by-sa Ilanda.info] Imanol Landa Getxoko alkateak emandako diskurtsoaren bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun