Askotarikoak izan dira langile kooperatibistek grebari ezetz esateko eman dituzten argudioak. Besteak beste, badago erreforma honek langile kooperatibistei eragingo ez dien pertzepzio orokorra. Ez da gure asmoa ordea, eztabaida termino teknikoetan kokatuz, lan-erreformak izaera juridiko berezitua duten kooperatibetako langileei nola eragingo dien kuantifikatzea. Beste hari bati heldu nahi diogu oraingoan, izan ere, Euskal Herrian errotutako kooperatibismoak langileriaren eskubideen murrizketa bortitz honen aurrean adierazi duen jarrera kritiko ezak kezkatzen gaitu. Hain zuzen, mugimendu kooperatiboa, gerra ondorengo ekonomia autarkikoaren garaietan, bizi- eta lan-baldintza prekarioei enpresa eredu humano eta demokratikoa gainjartzeko borondatez jaio zen. Hau da, lan-baldintza duinen aldeko konpromisoa mugimendu kooperatiboaren izateko arrazoi nagusia da. Beraz, gure ustez, lan-erreformak dakarren lan-baldintzen atzerakadaren aurrean euskal langileriaren eskubideen aldarrikapenari uko egitea nekez uler daiteke kontzientzia kooperatibistaren parametroetan. Besterik da greba deialdiaren egokitasuna eztabaidatzea, edo harago joanda, greba orokorra bitarteko bezala zalantzan jartzea. Baina erratuko ginateke, ekainaren 29an kalera atera ez izanaren erdigunean, kontzientzia kooperatiboaren (zentzu zabalenean) ahultasuna kokatuko ez bagenu.
Kontzientzia kooperatiboaren ahultasuna krisi ideologikoarekin loturik dago, eta horren diagnostikoa konplexua da. Ekuazioaren aldagai batzuk identifikatzen nekezak dira, beste batzuk jatorri globalekoak, eta badira aldagai lokalak, zehazki azken urteetan landu den enpresa ereduarekin zuzeneko lotura dutenak. Hala ere, atzera begiratzen entretenitu beharrean, etorkizuna begitandu dezagun, XXI. mendeko subjektu eraldatzailea eguneratu, gaurko erronkak identifikatu argitzapen estrategikoa ekarriko duen prozesuaren baitan. Lan honetan aspalditik izaera ofiziala duten printzipio kooperatiboek gaurkotasun osoa dutela deritzogu. Gizartearen eraldaketari dagokion 8. printzipioak dioenez: "Arrasateko esperientzia kooperatiboak borondatea agertzen du gizartearen aldaketan eragiteko, beste herriekiko solidarioa, jarduera eremutzat Euskal Herria hartuz, bertako susperraldi ekonomikoan lagunduko duen hedapen prozesuaren bidez. …Beste euskal erakunde ekonomikoekin eta sozialekin lankidetzan arituz, bereziki euskal langileriak sustatutakoekin. …Euskara hizkuntza nazional gisa hartuz eta, oro har, euskal kulturaren elementu nagusiak biziberritzeko lankidetzan".
Eraikuntza prozesu honetan, beste edozeinetan bezala, ahulguneak eta indarguneak identifikatzeak asko balio du. Momentu honetan ikusten ditugun bi ahulgune aipatzera ausartuko gara. Alde batetik, balio kooperatiboen inguruko heziketan hutsune nabarmena ikusten dugu enpresa eta hezkuntza-zentro kooperatiboetan. Hori dela eta, kooperatiba guztietan formazio kooperatiboa indartu behar dela uste dugu. Bide honetan, hezkuntza-zentro kooperatiboak pentsamendu aurrerakoi eta kritikoaren gotorleku bilakatu behar dira, biharko kooperatibistak hezteko. Bestalde, etorkizuneko subjektu eraldatzailearen ahulgune nagusietako bat "teknokrazia endogenoa" dela deritzogu. Azken finean, enpresa eredu desideologizatuaren kudeatzaileak izan dira, espainiar erregea gonbidatzeko beharra ikusi zutenak, edo berriki Eroski "nazionalizatu" dutenak.
Arizmendiarrietak esana da, "mundua ez zaigula begira egoteko eman, eraldatzeko baizik". Ekin diezaiogun bideari, elkarlanean, ekainaren 29ko grebari baietz esan genionok eta ezetz esan zeniotenok!
Pello Otxandiano eta Joxemi Campillo, Mondragon Unibertsitateko kideak.