Txosna bakoitzean ateratzen den etekin ekonomikoa, herrian lan egiten duen kolektiboarentzat izaten da, eta beraz inork ez du aterakin pertsonalik jasotzen, hau da, dirua berriro herrian inbertitu egiten da. Horren harira, txosna ezberdinetan lan egiten duten pertsonek edo txandalariek, musu-truk eta militantziagatik egiten dute lan eta ez dira zerbitzari profesionalak.
Txosnak muntatu eta jaiak hasi baino askoz lehenago txosna jartzen duten kolektiboak txosna batzordean biltzen dira jaiak prestatzeko eta herriari jai eredu berri bat ematen saiatzeko. Beraz, txosnei buruzko oinarrizko informazio hau idatzi eta gero, argi eduki behar da, txosnagunean emakume batekiko jarrera sexista erakusten duen batek edo norbait jipoitzen duen beste batek herriko kolektibo ezberdinen kontra ari dela aldi berean, hilabete askotan zehar egindako lanaren kontra alegia.
Eta esan beharrik ez dago, txosna jarri eta diru bere onura pertsonalerako erabiltzen duen talde batek txosnen filosofiaren aurkako eraso zuzena egiten egongo dela.
Beno, esan beharra badago, edo esateko beharra sentitu dut behintzat, azkenaldian bere munduan edo kapsulan sartuta dauden pertsona askorekin topo egin dudalako eta gero eta galduago ikusten baitut txosna erabiltzaileen jarrera txosnekiko.
Hau ere, izango da Txosna Batzordearentzat etorkizun hurbilerako lana, txosna eta txosnagunearen filosofia berriro transmititu eta helaraztea.
Betitxe Saitua margolariak pasa den igandean Sopela.net-en argitaratutako artikulua