Xabier Makazaga (TAT): "Torturak salatzeko eskuliburua?"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko uzt. 15a, 08:26

Barajaseko T4an izandako atentatuarengatik milaka urteko kondenak ezarri zituen Auzitegi Nazionaleko epaian, epaileek tortura salaketei sinesgarritasuna ukatzeko aitzakia hutsa besterik ez direla erakutsiko dudan bi sasi-arrazoi erabili zituzten: ETAren “Atxiloketari aurre eginez” manualak dioena batetik, eta nabarmen manipulatua den erakunde bereko buruzagi baten karta batek dioena bestetik. Biak ala biak estatubatuar torturatzaileek eta haien konplizeek ere erabilitako aitzakiak, haiek ere berdin baliatu baitziren asmo berarekin arabieraz idatziriko beste manual batez, “Manchesterreko Manualaz”. Argazkian, Torturaren kontrako eskualdeko manifestazioa Algortan.

Izan ere, Etxe Zuriak, Pentagonoak eta Estatu Departamentuak etenik gabe errepikatu baitzuten lelo berbera: “Garrantzitsua da kontuan hartzea Al Kaedako entrenamendu manualek gezurrezko gehiegikerien salaketa egitearena azpimarratzen dutela”. Eman izan duten adibide bakarra, ordea, “Manchesterreko Manualaren” azken kapituluko esaldi labur batzuk izan dira, nahiz eta “Kartzelak eta atxiloketa guneak” izeneko 18. kapitulu horrek espetxean izan beharreko jarreraz diharduen eta apenas hitz egiten duen torturaz.

Horren aurrekoa da, 17.a, gaia zabal jorratzen duena “Tortura metodoak” izenburuarekin, eta bertan dioena ezagutzea ezinbestekoa da ongi ulertzeko hurrengo kapituluan torturari buruz egiten diren aipamen labur horiek. Horrexegatik ezkutatu zuten urte luzez, hiritarrek interpretazio manipulatua onar zezaten; hau da, Al Kaedako kideak tortura faltsuak salatzeko prestatzen dituztela.

Manualeko 17. kapitulu horrek dio, adibidez, militantea “torturapean aitorpenak egitera behar dezaketela, poliziaren eskuetan den bitartean. Epailearen aurrera eramaten dutenean, ordea, torturatu egin dutela esan behar du, eta galdeketa errepika dadin eskatu”. Eta hala jokatu behar du nahiz eta mehatxu eta xantaiak jasan.

Espainiar komunikabide handiek ezagutzera eman dituzten “Atxiloketari aurre eginez” manualeko zatietan ETAk aholku bera ematen die bere kideei, eta komunikabide horietako bat berak ez du inoiz azaldu zertan oinarritzen diren esateko zati horietan dioenak tortura salaketen sinesgarritasuna kolokan jartzen duela. Ez da batere harritzekoa halakorik egiten ez saiatzea, ez baitira errazak manipulatzen ezta zati aukeratu horiek ere. Eta manual osoa ezagutuko denean manipulazioa are begi bistakoagoa egingo da.

Adibidez, horrela jaso eta azaldu zuen “El Pais” egunkariak manualak dioena: “'Izan argia, ez zaituzte berriro komisariara eramango (...) Okerrena jada pasa da. Beraz, esan auzi-medikuari idatz dezala torturatu egin zaituztela fisiko zein psikologikoki'. Etakideek jakin badakite-eta, behin Auzitegi Nazionalera iristen direnean, «amesgaiztoa amaitu dela', ez dituztela berriro 'etsaiaren eskuetan' jarriko, hau da, interrogatu dituztenen eskuetan, eta hauek ez dituztela beteko 'komisarian eginak dizkizuten mehatxu eta xantaiak: dena gezurra da'. Beraz, esan behar dute 'Poliziei deklaraturiko guztia gezurra dela. Torturapean egindako deklarazioak direla'”.

Zati horiek aztertuz gero, ikusten da ETAk zera besterik ez diela eskatzen bere kideei: torturatzen badituzte, eta espainiar Estatuan ia ziur daude hala izango dela, epaileari gertaturiko guztia salatzeko, halakorik egin ez dezaten jasango dituzten mehatxu eta xantaia guztiak gaindituz. Eta auzi-medikuari ere sala diezaioten, Auzitegi Nazionalera eramango dituztenean.

Horregatik ahalegintzen da hainbeste Auzitegiko ziegen deskribapena egiten, etakideek segurtasun osoz jakin dezaten, manualeko hitzak erabiliz, “amesgaiztoa amaitu dela” eta ez daudela simulazio baten aurrean, zeinaren ondoren gogotik ordain dezaketen salaketa oro.

Manualak dioena ezin daiteke inolaz ere beste modu batean interpretatu, baina estatubatuarrei manipulazioa musu truk atera zitzaienez, espainiarrek beste horrenbeste egitea erabaki zuten nonbait: manualaren zati hautatu batzuk filtratu, itzulita, komunikabide handiek haien titular manipulatuekin gainontzekoa egin zezaten. “El Pais”s egunkarikoa hau izan zen “Portu eta Sarasolaren manual kriminala” eta artikuluan zioen biek “zehatz-mehatz jarraitu zutela erakunde terroristak eman zien torturak salatzeko manuala”. Lan borobila.

Epaileek erabilitako bigarren aitzakiari dagokionez, estatubatuar torturatzaileek eta haien konplizeek “Manchesterreko Manualeko” beste esaldi bat ere manipulatu zuten: “Ekintza bat burutu aurretik, taldearen buru denak ongi azaldu behar die taldekoei zer esan beharko duten atxilotuak izanez gero” esaldiak frogatzen omen zuen Al Kaedako kideei zein tortura salaketa egin beharko zuten esaten zietela buruz ikas zezaten. Eta espainiarrek ideia hori ere kopiatu egin diete nonbait. Ikusi besterik ez nola manipulatu izan duten hasieran aipaturiko karta, non aipatzen den “kantada prestatua izatearen garrantzia, Igorren taldeak egiten zuen bezala, elkarrekin prestatu eta errepikatu”.

ETAko buruzagi baten karta manipulatu hori filtratzean, azpimarratu zuten argi geratzen zela Igor Portu eta Mattin Sarasolak aldez aurretik ikasiak zituztela haien tortura salaketak. Alabaina, ez dago zalantza izpirik zeri deitzen dioten etakideek “kantada”: poliziei torturapean egindako aitorpenari eta ez, inolaz ere, tortura salaketei. Eta oso argi dago, halaber, torturari aurre egin beharko dion oro buruz ikasten saiatzen dena ez dela preseski gezurrezko tortura salaketa baizik eta, torturatzaileak engainatzeko asmoz, torturak gehiago jasan ezingo dituenerako erabili asmo dituen gezurrak: “kantada”.

Etakideek sobera dakite poliziei informazio baliotsuak ematea saihesteko era bakarra aldez aurretik taldean “kantada” prestatzearena dela. Taldean, zeren ongi funtzionatuko badu ezinbestekoa baita bakoitzak “kantatuko” duenaren arteko kontraesanik ez egotea.

Hori da, torturari dagokionez, gaitz larri horri aurre egin behar dion edozein erakunde iraultzaileren manualek dakartena: haien militanteen kontra erabiltzen diren metodoen deskribapena; horiei aurre egiteko kontseiluak, bereziki “kantada” taldean prestatuz; mehatxuak mehatxu, torturak salatzearen garrantzia...

Manual horietan inolaz ere aurkituko ez duzuna tortura faltsuak salatzeko inongo agindurik da, ezta antzeko ezer ere, torturatzaileak eta haien konplizeak horretan tematzen badira ere; ez “Manchesterreko Manualean” ez ETArenean, ez beste edozeinetan. Eta kontrakoa diotenek mesedez froga zehatzak aurkez ditzatela, ez manipulazio baldarrak.

Aldiz, ez dago torturatzaileen manualak zertan manipulatu edo desitxuratu, oso argi ulertzen baita diotena. Hor dituzue adibide gisa CIArenak edota berriki ezagutua izan den Guardia Zibilaren barne txosten hori.

Xabier Makazaga Torturaren Aurkako Taldeko (TAT) kideak idatzitako iritzi artikulua, "Berria" egunkariak itzulia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun