Imanol Landak esan duenez, zinegotzi popular batek (Luis Hermosa Bilboko zinegotzi popularra, "Deia"-ren arabera) Facebook sare sozialean eskegitako argazkia, hau da, Marisa Arrue eta PPko beste ordezkari batzuk bandera espainolez jantzitako Agirreren estatuaren aurrean irribarretsu eta pozik erakusten dituen irudia “irain larria, doakoa eta onartezina da gure herrian gutxi batzuk bezala oso maitatua, estimatua eta errespetatua den lehendakariarentzat". Bere heriotzaren 50. urteurrena dela eta, Getxoko Udalak "omenaldi hunkigarria" eskaini zion orain gutxi, alkate getxotarrak nabarmendu duenez. Landak azpimarratu duenez, “gertaerak larritasun handia du kargu publikoa den Marisa Arrue duelako protagonista, Getxokoa gainera, Agirre lehendakariaren herrian alkatetzarako aurkeztuko dena”. Alkateak bere buruari galdetu dio “bizikidetzaren eta funtsezko oinarri demokratikoen ze eredu" ematen ari den Arrue anderea, mota honetako portaerekin, "bera bezala pentsatzen ez duenarekiko irainak eta errespetu faltak gidatzen dituen portaerak erakusten”.
Muturreko portaera
Landak gogoratu du Agirreren irudia "Eusko Alderdi Jeltzalea baino harago doala", hil arte erbestean berarekin batera izan ziren "ideologia eta talde guztiek maitatzen, miresten eta errespetatzen dutelako". "Zorionez, muturreko portaera ozpindu horiek ez datoz bat herritar getxoztarrekin, errespetutik desberdinak direnak elkar ulertzearen alde daudelako", gaineratu duenez. Hori guztiagatik, "Getxoko herriaren aurrean duintasun apur batez agertu nahi baldin badu", barkamena eskatzea beharrezkoa dela adierazi dio Arrueri Landak.