Udal iturrien arabera, aipatu txostenak dio egungo legediak oinarrizko proiektua faseka egitea baimentzen duela, faseka banatzeko berezitasun teknikoa betetzen baldin badu. “Fase desberdinez hitz egiten ari gara, jokabideak desberdinak direla, ezaugarri tekniko desberdinekin eta esleipen desberdinak eduki ditzaketelako, adjudikazio orokor bakarraren ordez", azaldu du Landak. Tokiko mandatariak jarraitu duenez, "proiektua faseka egiten ari da, teknikariei denbora iraztea ahalbidetzeko, proiektua bera hobetze aldera, etengabeko azterketa izan dadin". Kritikatu duenez, "PPk aurreko faseak ez ditu inoiz zalantzan jarri, baina bai hirugarrena eta hori ez da ulertzen". Landak gogoratu du proiektua "zazpi bider" pasa dela udal osoko bilkuratik, batzuetan alderdi guztien adostasunagatik, PP barne. "Are gehiago, Getxo Antzokiaren oinarrizko proiektua eta bideratzea faseka egitea apirileko osoko bilkuran onartu zen gobernu taldearen eta talde sozialistaren aldeko botoekin, eta osoko bilkuran lehen fasearen esleipena (indusketa) ere onartu zen. Hau da, esleipen bakoitza dagokion organoak egiten du, zenbatekoaren arabera eta legearekin bat egiten, edo osoko bilkuran edo Tokiko Gobernu Batzordean, kontratazio mahaitik igaro ondoren”, esan du alkateak.
Arrakastarik gabe
Agintari getxoztarraren arabera, “denok dakigu Arrue andereak 20 urte daramatzala Udalean Getxoko alkatea izaten saiatzen, arrakastarik gabe, eta jakin badakigu enfrentamendua eta krispazioa bultzatzea dela bere estrategia preziatuena oposizioan. Baina, salaketa honekin, estrategia horretan emandako jauzi kualitatiboa oso esanguratsua da, ustelkeria susmoa gobernu taldearen eta osoko bilkuraren erabakiak bermatzen dituzten udal zerbitzu teknikarien gainean ipintzen saiatzen ari delako eta politikan denak ez du balio. Hala ere, guk gurea egiten segituko dugu, Getxo hobetzeko zintzotasunez lan egiten, era positiboan, eta elkarrizketatik eta hitzarmenetik, gure auzokideek nahi duten bezala”.