"Zigorgabetasun espazioak egon daitezen eragozteko" pasa den astean Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak abian jarritako Ertzaintzaren brigada bereziak udako jiraren beste etapa bat egin du gaur goizean. Larrabasterrako txosnak desmuntatzen ari zirela, dozena erdi ertzainek gune erditik paseoa eman dute, haietako bat burua estalita. "Txosnagunean, liskarrik ez", "Independentzia eta sozialismoa" eta "Uribe Kosta bizirik! LZP ez!" lelopeko pankartak kentzea agindu diete Urazca enpresako garbitzaileei. Era berean, txosna baten kanpoaldean egon diren Olga Sanz, Txabi Moreno, Urko Labeaga eta Sergio Polo preso politiko sopeloztarren argazkiak hartu eta eraman dituzte, txosneroen eta edari banatzaileen aurrean. Ostegunean ere, zenbait udaltzain korrika atera ziren txosnagunean argazkiak jarri zituzten hainbat ezezagunen atzean, baina ez zuten inor harrapatu. Hurrengo egunean, argazkiak eta hainbat pankarta kendu zituen Udalak azpikontratatutako Cespa garbiketa enpresak. Argazkian, Sopelako Udaltzaingoaren patruila-auto bat Gotzon Alcalde presoaren argazkipean.