Sopela aldean bezala, gaur, asteartea, Santa Mariñe eguna ospatuko dute Urdulizen. Jaiegun tradizional honetan urduliztarrak Santa Mariñe haitzetako baseliza pean egingo den erromeriaz gozatuko dute. Egun honetan hainbat ekitaldi izaten dira. Horien artean nabarmentzeko modukoak dira euren sustraitzeagatik, meza nagusia, ohorezko aurreskua, fanfarreek alaitutako hamaiketakoa eta tortilla lehiaketa. Udalak galletak, muztioa eta ardoa banatuko dituzte mokadu lez. Horrenbestez, 11:30ean hasiko da ospakizun eguna (kalejiran abiatuko dira baselizara, txistulariek lagunduta), arratsalde partean herrigunera bueltatu aurretik. Izan ere, tortilla lehiaketa aitzakia bikaina bilakatzen da, bazkaria bertan egiteko. Orotara, 80 arrautzopil egiten dituzte 30 talde inguruk. Herrigunera 19:00ak aldera abiatuko dira, buruhandiek eta dantzariek lagunduta, Antsonekoa plazan txokolate jana egiteko. Argazkian, Sopela aldean ere izaten da festa giro itzela / ©
Sopelana.net.