Joan den ostiralean, Urko Izagirre Algortako preso ohiari eskaini nahi zioten ongi etorri ekitaldia egitea galarazi zuen Ertzaintzak. Prestaketa lanetan zebiltzan bitartean, 19:30ak aldera, polizia autonomikoaren furgoneta bat hurbildu zen Kasino plazara eta ertzainek ekitaldia debekatuta zegoela jakinarazi zieten bertan zeuden lagunei. "Baimena emanda zegoen ordea, eta baimena agiria ikustean ertzain-buruak esan zuen beraiek ez zutela baimen horren berririk. Hartara, telefonoa hartu eta tarte bat hitz egiten egon ondoren, esan zuen ekitaldia egin zitekeela, baina debekatuta gelditzen zela Urko Izagirreri inolako omenaldirik egitea, baimena agirian haren izena zehazten ez zelako", azaldu du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Ekitaldia irauten zuen bitartean inguruan ibiliko zirela esan zuen poliziak: agindutakoa bete ezean, jendearen kontra oldartuko zirela eta baimenaren eskatzailearen kontrako neurri judizialak hartuko zituztela adierazi zuen. "Beraz, ekitaldia egin zitekeen, baina ezin zen Urko eszenatokira igo, bere izena aipatu, ezin ziren preso politikoen argazkirik agertu, ezta ekitaldiaren ostean deituta zegoen afaria egin ere. Baina manifestazioa egin zezaketela adierazi zuten", errepresioaren kontrako erakundeak nabarmendu duenez. Argazkian, antolatzaileetako bat poliziari agiria erakusten.