Metro Bilbao garraio enpresako zaintzaileekin izandako liskarraren ondorioz, gizon gazte bat zauritu zen joan den igande goizaldean, Larrabasterrako geltokian, tokiko Karmen jaietatik etxera bueltan zihoala. Lekukoek UKBERRI.NETi adierazi diotenez, "badirudi ika-mika zigarro batengatik hasi zela. Gaztea amatatutako zigarroa ahoan ei zihoan metro barrura eta agenteetako batek kendu zionean hasi omen zen eztabaida". Hasieran bi zaintzaile baino ez zeuden, "baina borrekin gazteari mehatxuka hasi zirenean, inguruko jendea segurtasunekoei garrasika hasi zitzaien eta segidan beste sei edo zazpi agente bertaratu ziren jarrera oldarkorrarekin", gaineratu dutenez. Hori ikustean, gaztea korrika hasi zen trenetik irteteko asmoz: "geltokira irteten saiatu zen arren, ateak itxi egin ziren". "Zaintzaileek harrapatzea lortu zuten eta, konturatu orduko, gaztea lurrean botata zegoen, aurpegia handituta eta guztiz odoleztatua zeukala", lekukoek salatu dutenez. Metro Bilbaoren bertsioa, ordea, bestelakoa da. Ertzaintzak jasotako atestatuaren arabera, zaintzaileek diote gaztea izan zela mehatxuka eta erasoka hasi zena. Garraio enpresak horri eutsi dio gaur
"Deia" egunkariak argitaratutako albistean. Gazteak zein jagoleek elkarren kontrako salaketak aurkeztu dituzte. Aste honetan bertan izango da epaiketa azkarra.