
Larrabasterran ospatu berri diren Karmen jaietako balorazio "positiboa" egin du
Sopelako Udalak. "Antolatutako ekintzetan partaidetza handia egon da, bereziki larunbatean, hilaren 17an", tokiko iturriek nabarmendu dutenez. Hala ere, udal arduradunen arabera, "dena ez da horren pozgarria izan, pertsona batzuek zenbait kalte eragin baitituzte inguruko hiri-altzarietan, gehien bat". Urko kiroldegiko makaldian, iturria kaltetu, paperontzi batzuk apurtu eta kartoia zein papera birziklatzeko ontzia hondatu ei dute. Gaineratu dutenez, zonalde bereko bi zuhaitzek enborretan kalteak jaso dituzte, baita Urko kiroldegiko aldagela berrietako paretak ere, bertatik hainbat lauza kendu dituztelarik. Udalak esan duenez, "kalte horien guztien konponketak 5.000 euroko kostua izango du". Argazkian, kalteak jasan dituen tokietako bat / © Joseba Zubiaur - Sopelako Udala.