Sopelako Udalak Udako Musika Zikloa eskainiko du uztailaren 26tik 30era bitartean. Emanaldiak arratsaldeko 8etan hasiko dira Kurtzio Kultur Etxean. Saio guztiak bertan egingo dira, azkena izan ezik; hori Eleizalde plazako kioskoan egingo baitute. Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dutenez, euria hasiko balu kultur etxean egingo litzateke, aurrekoak bezala. Egun bakoitzeko emanaldi bat eskainiko da. Lehenengo egunean pianoa izango da nagusi, Carlos Goikoetxearen eskutik. Biharamunean, berriz, biolinak, biola eta txeloa izango dira entzungai, Cum Laude soka laukoarekin; hilaren 28an, gitarra eta harpa Cristina Sanchez eta Silvia Gutierrezen eskutik; eta 29an ganbera musika izango da, Nuria Orbea (ahotsa), Cedric Conchon (txeloa) eta Marion Desjacues-Huguel (harpa) arituko direla. Azken egunean, Alberto Urretxo, Unai Urretxo, Mikel Arkauz eta Francisco J. Rosarios lagunek osatutako Ehtroila tronboi laukoak joko du. Argazkian, Kurtzio Kultur Etxean izango dira saio gehienak / © Joseba Zubiaur - Sopelako Udala.