Ia bi ordu beranduago hasi da Getxoko Justizia Jauregian, joan den igande goizean,
Larrabasterrako metro geltokian izandako liskarraren inguruko epaiketa azkarra. Metro Bilbao garraio enpresako zaintzaileekin izandako ika-mikaren ondorioz, gizon gazte bat zauritu zen, tokiko Karmen jaietatik etxera bueltan zihoala. Hala ere, epailearen aurrean jagoleetako bat baino ez da eseri. Horrek ere salaketa jarrita dauka: aurpegia odoleztatuta eta bilurrak jarrita lurrean buruz behera amaitu zuen mutilak jo egin zuela dio zaindariak. Gaztearen abokatuak, baina, epaiketa bertan behera uztea eskatu du, gaurko bistan gertaeren egunean geltokian zein tren barruan jazotakoaren bideo grabaziorik ez zegoelako. Horretaz gain, orduan lanean zeuden zaindarien izenen zerrenda ere galdatu du letraduak. Froga horiek falta zirela aintzat hartuta, gaztearen abokatuaren eskaerari kasu egin dio epaileak. Epaiketa azkarra alde batera utzita, uda ostean izango da falta-judizioa.