Bitartean, Getxoko Udaltzaingoak eta Babes Zibilak neurri bereziak ezarriko dituzte igande honetan, Aixerrotako landetan. Jarduera berezi hori aurreko egunean, larunbatean, 22:00etan hasi eta hurrengo eguneko gauerdia arte luzatuko da. Ospakizun hori dela eta hartuko diren trafikoko neurriei dagokionez, azpimarratu autoak jai eremura sartzen utziko direla bakarrik Paella Eguneko 8:00etatik 9:30ak arte, lehiaketan parte hartuko dutenek paellak prestatzeko behar dituzten gauzak bertara sar ditzaten. Gune horretara, Aingeruaren Etorbidetik eta Gustavo Adolfo Becquer kaletik sartu beharko da. Aixerrotako landak, hartara, kotxez hustuta egon beharko dira goizeko 9:30etik aurrera. Kotxeak Bostgarrena, Santa Marina eta Gabriel Ramos Uranga kaleetatik aterako dira eta, Benta inguruan egiten ari diren lanak direla eta, Maidagan kalerantz ezin izango da joan. Nolanahi ere, egun horretan indarrean izango diren aparteko neurriak modu egokian egongo dira seinaleztatuta. Halaber, Udaltzaingoak elbarrituen autoak aparkatzeko guneak ere egokituko ditu.
Borondatezko alkoholemia kontrola
Gogoratu, bestalde, Gazteria eta Gizarte Zerbitzuetako udal Arloetatik borondatezko alkoholemia kontrol zerbitzu berezia eskainiko zaiela neska-mutilei, 17:00etatik 20:00ak arte. Kontrolgune hori Galeako errepideko oinezkoentzako biribilgunean, Gustavo Adolfo Becquer eta Osaben kaleetako bidegurutze aurrean, egongo da kokatuta. Azkenik, Babes Zibileko hogei lagun inguru arituko dira jaiaz gozatzera joango diren pertsonen ongizatea zaintzen. Neurrien artean, sendatzeko gune aurreratua, lehen laguntzetarako gunea, hiru anbulantzia eta lur orotako bi ibilgailu izango dituzte.