Berangoko jai batzordea: "Inposaketari aurre egiteko asmoz"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko uzt. 23a, 19:45

Berangoko Santa Ana auzoko jaiak larunbatean hasiko dira (uztailak 24, 25 eta 26), Santo Domingoko jaiak berriz, abuztuaren lehenengo astean (abuztuak 4, 5 eta 6) ospatuko dira. Azken hamar urteetan Berangoko elkarte eta auzokideak izan gara jaien antolaketaz arduratu egin garenak udalaren laguntzagaz (koordinazio lana egiten zuela esan dezakegu) baina azken hiru urteetan udalaren parte hartzea jai batzordean gero eta handiagoa izan da, eta ondorioz bere pisua handitzen zen heinean gure lan egiteko esparrua gero eta gehiago murrizten zen. Argazkian, Anabel Landa Berangoko alkatea.

Azkenean, urte batetik bestera eta inolako azalpenik eman gabe, ezkutuan, Udalak aldebakarrez erabaki du aurten jai batzorderik ez dela egongo eta eurak izango direla antolatzaileak. Elkarte ezberdineko kide garenok bilera bat eskatu diogu alkateari erabaki honen zergatia eman dezan eta honek ezezko erantzuna eman digu.

Inposaketa honi aurre egiteko asmoz, jai batzordea osatzen genuen elkarte ezberdinak azken asteetan lau aldiz bildu gara eta manifestu bat adostu dugu herriari honen berri emateko eta udalaren jarrera autoritarioa salatzeko. Momentuz 11 gara atxikitu egin garen elkarteak.

Sinadura eman dugun elkarteok hurrengo urtean benetan parte hartzailea eta herrikoia izango den jai batzorde bat osatzeko konpromisoa hartzen dugu hurrengo urtera begira. Ildo horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu.

"Dena herriarentzat, baina herririk gabe" manifestua:

Despotismo ilustratuaren garaiko adierazlea den aurreko esaldi ospetsua, egunez egun praktikara eramaten du Berangon Anabel Landa alkateak.

Alkatetzara ailegatu zenean bere asmoa herritarren parte-hartzea areagotzea zela esan bazuen ere, praktikan, bere jarrera bestelakoa izan da. Azken 3 urteetan, herriko auzokideak kudeaketa esparru guztietatik kanpo uzteko asmoa erakutsi du.

Azken bi urteetan, Udala Jai Batzordea kontrolpean mantentzen saiatu da. Landa anderea alkatetzara heldu aurretik, herriko elkarteak eta auzokideak ginen jaietako egitaraua diseinatzen genuenak. Baina alkatea Jai Batzordean alkate gisa parte hartzen hasi zenetik, gustuko ez zituen erabakietan bere betoa inposatu du.

Azkenean, urte batetik bestera, bere kabuz, aldebakarrez, Jai Batzorde Herrikoia disolbatzea erabaki du. Herriko jaien antolaketaz Udala arduratuko zela jakinarazi zigun elkarteei maiatzaren erdialdean, gutun bidez. Ekintzak proposatzeko, baina, hiru asteko epea zabaldu zuen. Zorionekoak gu zure eskuzabaltasunagatik, Anabel!

Salatzekoa da Udalak jai Batzordea desagerrarazteko ahalmena izatea eta inolako azalpenik ez ematea hura osatzen duten elkarteei, eta noski, herriko auzokide guztiei. Zein da erabaki honen atzean ezkutatzen dena? Udalak argi utzi du zein den bultzatzen duen jai-eredua: elkarte eta auzokideen parte-hartzerik gabeko jai instituzionalak, azpikontratatutako enpresen eskura egindakoak, kolore gris uniformez margotutakoak.

Hala ere, Berangoko kasua ez da bakarra. Gero eta gehiago dira Jai Batzorde Herrikoei jartzen zaizkien trabak. Baina zorionez, oztopoak oztopo, egunez egun harri horiek paretik kentzeko eta aurrera egiteko gai direnak ere badira. Zentzu honetan gure babesik beroena Euskal Herriko Jai Batzordeen I. Kongresutik sortu berri den jai herrikoien sareari.

Auzokideak baitira jaien protagonistak, jaiei zilegitasuna ematen dietenak, gris uniformea hamaika koloretan bihurtzen dutenak. Horregatik, aurrerantzean, Berangon ildo honetatik lanean jarraituko dugula argi utzi nahi dugu. Ilusio, umore, elkartasun, irudimen eta parte-hartzerik gabeko jaiak nekez ulertu ditzakegulako. Jaiak herritik, herriarentzat!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun