Eraso sexistarik gabeko jaien aldeko apustua berretsi du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko uzt. 23a, 20:14

Getxoko Udalak udalerriko jai nagusietan bigarren urtez jarraian erasorik gabeko jaien aldeko sentiberatze kanpaina jarriko du martxan, “Eraso sexistarik gabeko Berdintasunezko jaiak. Ezetza beti Ezetz” lelopean. Helburua jarrera sexistak ekiditeko beharraz herritarrak sentsibilizatzea da, eta hori jaietan ere, “izan ere uste dugu adi egon behar dela eta zoritxarrez jaietan jarrera mota horiek areagotu egiten dira. Jaiak getxotar guztiok eta bisitatzen gaituzten pertsona guztiok elkartzeko eta gozatzeko esparrua izatea nahi dugu”, adierazi du Keltse Eigurenek, Berdintasunerako zinegotziak. Kanpainak bi mezu zabaldu nahi ditu, alde batetik jaietan eraso sexistarik ez egotea, pertsona guztiek aske gozatzeko inolako erasorik gabe eta bestetik berdintasunezko eredua defendatzea. “Etxeko lanen banaketaren beharra nabarmendu nahi dugu, horren ondorioz emakumeek astia eduki eta jaietan gehiago disfrutatu ahal dezaten, txartelean jaso dugunez”, azaldu du zinegotziak. Argazkian, Keltse Eiguren Getxoko Udaleko zinegotzia.

Kanpaina herritar guztiei orokorrean eta gazteei bereziki zuzendutakoa da, "beraiek gehiago parte hartzen dutelako jaietan eta hemendik aurrera izango diren ospakizun nagusietan ikusi ahal izango da, hau da, Aixerrotako Paellen Txapelketan eta San Inazioko, Itzubaltzeta / Romoko, Portu Zaharreko eta Ama Mesedeetako jaietan", adierazi du Eigurenek. "Udalak lanean segituko du hezkuntza, sentsibilizazio, segurtasun eta prebentzio alorretatik jarrera eta eraso sexistak izatea ekiditeko". “Ildo horretan, kokatu behar da gaur aurkezten ari garen kanpaina, beti emakumeok askatasun osoarekin irten, paseatu eta bizi ahal izateko helburuarekin, erasotuak izatearen beldurrik gabe; gure udalerriko kaleetatik lasai ibiltzeko gure bizitzaren uneoro, eta jai egunetan ere”, gehitu du. Amaitzeko zinegotziak jaietan pertsona guztiekiko errespetuz parte hartzeko deia luzatu du.

Euskarriak

Udalerrian zehar leloa duten txartelak ikusi ahal izango dira eta gainera eraso sexisten kontrako 4.000 pegatina banatuko dituzte gazteen artean “Ezetza beti Ezetz” leloarekin. Karpa bat jarriko dute eta bertatik indarkeri sexistaren kontrako neskentzako eta mutilentzako gida baten 6.000 ale banatuko dituzte, erasoen aurrean nola jokatzeko informazioarekin. Azkenik, kanpainaren mezua duten 50.000 ezpain-zapi banatuko dituzte ostalaritzako establezimenduen artean.

Kartela eta pegatina:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun