Getxoko Udaltzaingoak udalerri horretako pertsona bat atxilotu zuen joan den uztailaren 16an, ostiralean, osasun publikoaren kontrako delitu bat egotzita. Atxiloketa aipatu ez duten kale nagusi batean burutu zuten, aipatutako pertsona kokaina saltzen ari zenean, udal iturrien arabera. "Atxiloketa unean Udaltzaingoak diru kopuru garrantzitsua atzeman zion atxilotutakoari, ziurrenera salmentan ateratakoa, eta baita droga-kantitate bat prest saldu ahal izateko", Getxoko Udalak jakinarazi duenez. Udaltzaingoak "azken bi hilabeteotan burututako ikerketa lanaren ondorioa" izan da atxiloketa, denboraldi horretan atxilotutakoaren etxebizitza zelatatu baitu. Bertara, egunero toxikomano ugari joaten ziren droga erostera. Etxebizitzaren miaketan, hainbat sustantzia estupefaziente aurkitu omen zituzten, hori mozteko, balantza eta manipulatzeko produktu batzuekin batera.