Arregiren arabera, "proposamenaren aldeko 488 sinadura jaso ziren eta 180 kontra, eta bestalde, auzoko jabeen komunitateetan egindako inkestan 192 boto plazaren egungo diseinua mantentzen duen esku-hartzearen alde agertu ziren; 58 Udalarekin diseinu berria diseinatzearen alde eta 16 udal proposamenaren alde". "Gainera, azken egunotan, 5 bilera izan dira Gobernu Talde, udal teknikari, auzokideen ordezkari (bai hasieran kontra zeudenak, bai erakusgai izan den proposamenaren aldekoak) eta komunitateen buruen partaidetzarekin. Bi iritzietako (proiektuaren aldekoak zein kontrakoak) auzokideen ordezkariek, teknikariek eta Gobernu Taldeko zinegotziek osatutako batzordea martxan jartzea erabaki ondoren proiektu berri bat adostu zen", azaldu zuen Arregik.
Getxoko PPk proiektua paralizatzeko eskatu du
Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak hasi berri diren obrak geldiaraztea eskatu du. Izan ere, bere ustez, inguruko auzokideek horrela nahi dute. "Berriz ere alkateak auzokideei aurre egitea erabaki du, hauek behin eta berriz esan baitiote ez dutela nahi Aldapa parkea eraldatzea", dio Arruek. Modu berean, ordezkari popularraren arabera, adjudikazio horrekin Getxoko alkateak "Udalbatzan erabakitako akordioak ez betetzea" erabaki du. "Akordio horiek bi mozioetan eztabaidatuak eta bozkatuak izan ziren apirilean. PPk proposatuta, inguru horretan aparkamendu baten beharra ote dagoen ikertzea eskatzen zuen lehenengoak. Aho batez onartu zen". Bigarrena, berriz, Getxoko PSE-EEk aurkeztu zuen: "guztion adostasunarekin onartu zen diseinatutako proiektuaren esposizio publikoa egitea; horrela, auzokideak informatu eta euren iritziak eta proposizioak aurkeztu ahal izateko", PPkoaren hitzetan. Hala ere, Arruek salatu du ikerketa lana ez dela egin eta auzokideen iritziak "baliogabekoak" izan direla, "nahiz eta auzokideek kontra agertu, alkateak plaza bere formara eraldatuko baitu".
Arruek salatu duenez, alkateak "nahiz eta auzokideen kontsentsuarekin lortutako plaza eraikiko duen, badirudi Getxoko Udaltzaingoaren laguntzaz lortu duela, obrak 24 orduz zaindu behar dituztelako". Gauzak horrela, Getxoko PP "seguru" dago ez dagoela adostasunik auzokideen eta Udalaren artean. Beraz, "momentuz obrak geldiarazi behar dira eta polizia tokitik kendu auzokideek esaten dutena aditzeko, horrela jakin dezaten eraldatze hau beharrezkoa duten edo ez, horrela adostasun orokor bat lortu ahal izateko", euren ustez. Hori guztiagatik, Getxoko PPk ostiraleko osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko du, Aldapako obren adjudikazioa deuseztatzeko.
Bestalde, popularrek zabaldutakoaren arabera, bestelakoak dira Aldapa auzoko jabeen erkidegoen presidenteen asanbladak postontzi bidez egindako inkestaren emaitzak:
Lortutako botoak guztira: 266
- Udal proiektuaren kontra: 192 (%72,19).
- Udal proiektuaren alde: 16 (%6,01).
- Udalarekin negoziatzeko asmoa dutenak: 58 (%21,8).