Amets Ladislaori gertaeretan "rol nagusia" jokatu izana leporatzen diote. Horregatik, zazpi urteko espetxe zigorra, 5.400 euroko isuna eta 12 urteko gaitasungabetzea ezarri dizkiote. Egurrola, Gutierrez eta Alcocerri, berriz, bosna urteko zigorra jarri diete. Dena den, lauei erakunde terrorista lagundu izana egotzi diete.
Besteak beste, Amets eta Maribelen etxean egondako pintoreak, ertzain batek, EAko zinegotzi ohi batek edota Egurrola Algortako Indabada Mundialean kokatu zuten auzokideek emandako lekukotasunari muzin egin die Auzitegi Nazionalak, Egurrolak sinatutako fakturekin egin bezala. Horren ordez, auziperatuek haien buruaren aurka zehaztasunez betetako deklarazioak hobetsi ditu epai-mahaiak, haienak ez ziren sakeleko telefonoen artean topatutako mezu batzuekin edo beste pertsona batzuenak ziren auto batzuen mugimenduekin batera.
Amets Ladislao eta Ibai Egurrola algortarrak 2008ko abenduaren 8an atxilotu zituen Irunen Guardia Zibilak, Algortakoa ere den Aitor Artetxe ustezko ETAko kideari ihes egiten lagundu izana egotzita. Azken hori egun berean atzeman zuten Gerben, Bagneres de Bigorre ondoan (Pirineo Garaiak). Ladislao eta Egurrolarekin batera, Javier Gutierrez "Guti" leioaztarra ere hartu zuten atxilo, “lanzadera” lanak egin izana leporatuta. Operazio horretan, Guardia Zibilak bi egun geroago atxilotu zituen Marimertxe Alcocer algortarra eta Maribel Prieto berangoztarra. Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikaturik egon ziren egunetan "bortizki torturatuak" izan zirela salatu zuten bostek. Bestalde, "2008ko uztailetik azarora", Berangoko bien etxean, Asier Borrero ustezko ETAko kide algortarra ezkutatzea egozten diete Ladislao eta Prietori; baita Frantziara eramatea ere, Egurrola eta Alcocer "lanzadera" lanetan zebiltzala. Egun, guztiak kalean daude, 18.000 euroko fidantza ordainduta.