Getxoko Udalak ere hainbat neurri hartuko ditu. Hilaren 30ean eta 31n, su artifizialak izango diren egunetan, Ereagako moila itxi egingo dute trafikoarentzat, Kirol Portuko biribilgunearen eta Igeretxe ondokoaren artean, 22:30etik 23:30era. Gainera, jarriko duten segurtasun esparruan dauden pertsonak kanporatu egingo dituzte bertatik. Bestalde, barrakak abuztuaren 1era arte egongo dira Ereagan eta, hartara, eskumako errailean noranzko bikoitzeko bidea ipini dute, Terraza taberna eta igogailuaren tartean. Hilaren 29an ere neurri bereziak izango dira pregoia eta koadrilen jaitsiera direla eta. Horregatik, Telletxe, Algortako Etorbidea eta Mariandresena kaleetan trafikoa eten egingo dute, leku horietatik igaroko baitira koadrilak. Algortako Etorbidean, udaletxearen parean, autoak Foruak eta Euskal Herria kaleetarantz desbideratuko dituzte. Jaitsiera amaitutakoan ere jai eremuak itxita jarraituko du.
Uztailaren 30ean ere trafikoa eten egingo da, arratsaldeko 7etatik aurrera, jaitsiera tradizionala egiteko Cuatro Caminos-etik Ereagaraino, eta ondoren egingo den erromeriarako. Segizioa Basagoiti etorbideko erdira iritsitakoan zirkulazioa itxiko dute Ereagako moilan, Kirol Portuko biribilgunetik aurrera. Hartara, hondartzatik ateratzeko, auto guztiek Arriluzeko moilatik joan beharko dute.
San Inazio egunean, hilaren 31ean, Herri Krosa dela eta, 11:30etik 12:30era, Mariandresenako ezkerreko bidea eta Telletxe, Zodiacos taberna eta Algortako etorbidearen arteko zatiak itxi egingo dituzte. Telletxen, Hirutasun kaleko bidegurutzean, autoak Aingeruaren Etorbiderantz desbideratuko dituzte.
Txirrindulari lasterketarako aparteko neurriak
Abuztuaren 1ean, txirrindulari lasterketa izango da 9:00etatik 13:30era bitartean. Hori dela eta, aparteko zirkulazio neurriak ezarriko dituzte. Izan ere, 7:45etik 14:00etara Makaletako Etorbidea norabide bakarrekoa izango da Plentzia-Bilbo noranzkoan, Bilbo-Plentzia noranzkoa debekatuta egongo delarik. Bilbotik Berangora joateko autobidetik datozen autoak Fadura-Iturgitxi atzealdetik desbideratuko dituzte. Algortatik Berangora sartzeko Simon Otxandategi etorbidetik egin beharko da; eta Kurtxera sartzeko Azkorritik. Zugatzarteko etorbidea eta Ereaga eta Kirol Portuko sarbideak ere itxita egongo dira. Egun berean, hilaren 1ean alegia, trafikoa zuzenduko dute arratsaldeko 5etatik aurrera txikien jaitsiera dela eta, Telletxen eta Algortako etorbidean.