Aurten, PNVk, Eudelen bitartez, txosnak eta herrietako jaiak erregulatzeko proposatu duen ordenantza jai ereduaren eta txosnen kontrako azken erasoa dugu. Argi dugu ordenantza honen atzean, herri honetan dagoen jai ereduaren kontra jotzeko asmoa dagoela, begi bistakoa baita PNVk gorroto duela egun dagoen jai eredua, musu truk, parte-hartzailea, euskalduna eta parekidea, herritar guztiei zabalik dagoena, anitza hain zuzen ere. Erosoago baitaude alderdiko lagunen enpresek antolatzen duten jaietan, eta Bertin Osborne badator hobe.
Udaletan onartzen ari den ordenantza baliatu nahi du, azken finean jai batzordeek osatu nahi duten egitarauaren azken hitza alkateak berak izateko, eta bertan gerta daitezkeen egoeren erantzule jai batzordeetako kideak izateko. Horrek izen zehatz batekin ezagutzen den praktika da: zentsura.
Honen atzean, euskal jendartearen mezu, aldarrikapen, Elkartasun keinu edo sinbologia (argazkiak, muralak, etab.) Ezabatzeko ofentsiba dago. Estrategia honetan Eudelek udalak (kudeatzaileak direnak direla) eta jai batzordeak zentsura eta adierazpen askatasunaren murrizketaren konplize eta borrero egin nahi ditu.
PNVk urteak zeramatzan txosnak eta jai eredu herrikoiak kentzeko zain, urteak daramatza oztopoak jartzen, baina oraingoan esan dezakegu PSOEk bidea parez pare ireki diola. Oraintsu arte PNVren jai herrikoien kontrako aurpegi nagusia Azkuna izan bada, orain Bizkaiko PNVko beste hainbat alkatek ere oinordekotza hartu diote, Jokin Bildarraitzek, Eudeleko lehendakariak lagun.
Orain hor ditugu Bizkaiko hainbat jelkide herrietako jaiak zapuztu nahian, PNVk hartu duen erabakia medio. Edota zertara dator Plentzian, Getxon, Durangon eta Bizkaiko beste hainbat herritan ordenantza eredu berri hau onartzea? Orain arte ez al zeuden bada erregulatuta? Ze behar zeuzkaten herri horietan? Ze arazo egon dira azken urteetan? Eta bide batez, egon diren arazoak konpontzeko bidea da inposatu nahi den ordenantza? Edo agian konponbidea lortze aldera ez litzateke egokiago jaien inguruan lanean buru belarri dauden eragile eta norbanakoekin eztabaidak zabaldu eta arauak adostea? Zein da Eudel eta PNVren benetako nahia, zeren bila dabil Jokin Bildarraitz?
Argi dakusagu, guzti honen atzean jai ereduaren kontrako erasoa dagoela, eta guztia instituzionalizatu eta pribatizatu nahi dutela, herrietako jaiak antolatzerako orduan herritarrak aukerarik gabe uzteko.
Berriz ere PNVk bere aurpegi ilunena erakusten digu, jaun feudalen antzera “ordeno y mando” eta batzokietatik bada hobe. Ez da ulergarria herritarren mesedetan egon beharko liratekeen instituzioak herritarren kontra erabiltzea, agerian gelditzen da beste behin ere PNVk nola ulertzen duen parte-hartzea eta demokrazia.
Bukatzeko, gure babesik sendoena, herrietan jaien alde lanean dauden guztiei jai euskaldun, anitz eta parekide batzuk lortzearren, herrietatik sortuko baitugu amesten dugu euskal herri aske eta solidarioagoa.