Getxoko Udalak 70.000 euro banatuko ditu tokiko Gizarte Zerbitzuen Arloarekin elkarlanean ari diren 54 erakunderen artean; iaz baino 20 gehiagoren artean hain zuzen ere, nabarmendu dutenez. Aipatu elkarteak publiko zein pribatuak dira, irabazi asmorik gabekoak, eta horien helburu nagusia bat dator Gizarte Zerbitzuen Arlokoarekin, udal iturrien arabera. Helburuak honako hauek dira: arazoak konpontzeko gizarte zibilaren parte hartzea bultzatzea, udalerrian dagoen elkarteen sarea bultzatzea, gizarteko boluntario-lana bultzatzea eta Gizarte Zerbitzuen alorreko jardueren garapenera zuzendutako proiektuak diruz laguntzea. Horiek lortzeko hainbat jarduera antolatzen dituzte, tartean, baztertutako kolektiboak gizarteratzea eta bazterketa prebenitzea, eta minus-balioa edo bestelako arazoak dituzten pertsonen bizi-baldintzak hobetzea. “Udalak egiten duen lanaren osagarria dira horiek eta horregatik elkarteak indartzeko dugun apustu garbia mantentzen dugu”, nabarmendu du Elena Coria zinegotziak. Argazkian, Elena Coria zinegotzia eta Imanol Landa alkatea Getxoko Urduña kaleko 16. zenbakian zabaldutako Gizarte Zerbitzuen bulegoa aurkezten / © Getxo.net.