Sopelako Udako Musika Zikloa joan den uztailaren 30ean amaitu zen Ehtroila tronboi laukotearen emanaldiarekin, Eleizalde plazan. Udalak adierazi duenez, "zikloak arrakasta handia izan du egun guztietan, jendeak erantzun ona eman baitio". Azken kontzertua izan ezik gainerakoak Kurtzio Kultur Etxeko areto nagusian egin ziren. Zikloa uztailaren 26an hasi zen Carlos Goikoetxea piano-jotzailearen emanaldiarekin. Ondoren, Cum Laude soka laukoak jo zuen uztailaren 27an. Hurrengo egunean, 28an, Cristina Sanchez harpa-jotzailearen eta Silvia Gutierrez gitarra-jotzailearen txanda izan zen. Uztailaren 29an, berriz, Nuria Orbea sopranoak, Cedric Conchon biolontxelo-jotzaileak eta Marion Desjacques-Huguel harpa-jotzaileak eman zuten kontzertua. Ehtroila tronboi laukotearen emanaldiarekin bukatu zen zikloa uztailaren 30ean, Eleizalde plazako kioskoan. Argazkian, Cum Laude soka laukoa / © Sopelana.net.