“Sopela-Herri baten aldiuneak” liburua salmentan jarri dute

Ezker abertzaleak publikoki salatu zuen, orain bi aste, 300 argazkiren bidez Sopelako historia biltzen duen liburua lortu ahal izateko 21 egunetan "Deia" egunkaria erosi behar zela. Hori dela eta, zinegotzi independentistek mozioa aurkeztu zuten uztailaren 29ko udal batzarrean, "liburuaren garrantzi kulturala, historikoa eta afektiboa azpimarratuz eta berrargitalpena exijituz edozein herritarren esku egon ahal izateko". Bada, aipatu osoko bilkuran, ezker abertzalearen eskaera onartua izan zen: Udalak zeuzkan 270 ale salmentan jarri dira jada Turismo Bulegoan eta Turismo Informazio Gunean, 15 euroren truke, Sopela.net agerkari digitalak zabaldu duenez. "Are gehiago, konpromisoa hartu da 270 ale horiek agortutakoan argitalpen berria egingo dela", gaineratu dutenez. Bitartean, ezker abertzaleak balorazio positiboa egin du mozioa aho batez onartua izan delako eta edozein sopeloztarrek liburua erosteko aukera izango duelako. "Poztasun honek, hala ere, ez du ahaztu arazi behar EAJren lehen erabakia, hau da, liburua "Deia" egunkariaren bidez saltzea, onartezina zela eta agintekeriatzat jo zitekeela, EAJk enpresa pribatu bati lehentasuna eman diolako sopeloztar guztion ondare kulturala aprobetxatuz", kritikatu dutenez. Argazkian, ezker abertzaleak plazaratutako kartelak / © Sopela.net.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun