Etxeratek plazaratutako adierazpena:
Egunon guztioi!
Abuztua, opor eta hondartza garaia askorentzat. Abuztua, bidai eta bisita garaia guretzat. Euskal preso politikoen senide eta lagunentzat ez da oporrik. Espetxeratuak dauden gure ahaideen eskubideak etengabe baitira zapalduak. Horregatik, beste urte batez, egoera hau salatzeko Euskal Herriko hondartza eta kosta eremuetara gerturatu gara gaurkoan ere.
Sakabanaketak indarrean jarraitzen du, Bizi Osorako Zigorra aplikatzen jarraitzen dute, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ere ez dituzte askatzen. Senide eta lagunon kontrako jazarpena ere gero eta handiagoa da. Katxeo umiliagarrien saiakerak, ehunaka aurrez aurreko galdu dira azken hilabetetan, zigorrak edota kontrol zorrotzak espetxeetako atarietan. Hori da gure eguneroko ogia.
Frantzia Estatuan, euskal preso politikoen aurkako neurriek etengabe egiten dute gora. Sakabanaketa eta bakartzea dira gure aurka eta gure senide eta lagun presoen kontra erabiltzen dituzten tresna nagusiak. Bizi baldintzarik gogor eta ankerrenetan dituzte euskal preso politikoak. Mittard-etan, bakarrik, isolaturik, bestelako kiderik gabe eta euren eskubide gehienak zapalduta dituzte.
Euren bizi baldintzak eta bakarturik egon ez daitezen, gose greba luzeak egitera behartuak egon dira. Protestak egun luzez mantendu dira eta gure senide eta lagun preso batzuen osasuna nabarmen kaltetu zuten. Hala ere, azkenean eta borroka horien bitartez, euren eskakizunei erantzun bat ematea lortu zuten. Ez dira kasu bakarrak izan, Moulins-Yzeureko espetxean bisitak egiterako orduan euskal preso politikoak arazoak izaten ari dira. Biluztu arazi eta makurtu arazi nahi dituzte. Ukatzen direnez, zigor ziegetara bidaltzen dituzte.
Iheslari politikoen errealitatea ere gordina da. Euskal Herrian eta libre bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu beste behin ere. Euren kontrako jazarpena nabarmena izan da azken hilabetetan eta bizitza erabat publikoa zuten pertsonak atxilotuak izan dira azken hilabetetan Lapurdin, Italian edo Ingalaterran besteak beste. Ezin ahantzi ere Jon Anza edo Mikel Zalakainen kasuak.
Neurri guzti hauekin berehala amaitzeko exijitzen dugu. Ezin dute gure bizitzekin gehiago jokatu. Ezin gaituzte etengabeko errusiar erruleta batean sartu. Euskal preso politikoen eskubideak errespetatuak izan behar dira. Sufrimenduari amaiera eman behar diote. Euskal Herrian itxaropenaren aro bat zabaltzeko ezinbestekoa da gure senide eta lagun presoen aurkako erasoekin eta gure kontrako jazarpenarekin amaitzea. Gure herriko zeruan benetako eguzkia azaltzeko, eskubide urraketa honekin amaitu beharra dago. Etxeratetik horretan gau eta egun arituko garela ziurtatzen dugu.
Eskerrik asko!