Errepresioak nahiko arrakasta mugatua zuela ikusirik, belaunaldi berrien doktrinamendura jo zuten "Formacion del Espiritu Nacional“ ikasgai bihurtuz. Berriki Eusko Jaurlaritzari gauza bera otu zaio, (hara ze kasualitatea!), eta Bizikidetza Demokratikorako eta Terrorismoaren deslegitimaziorako Plana pentsatu du eramatea gure seme-alaben ikasgeletara. Orduan bezala saiatuko dira azaltzen herriari hitza ukatzen diotenak eta herritarrak zanpatzen dituztenak "salbatzaileak“ direla, eta aske izan nahi dutenak, ordea, „separatistak“, Meliton Manzanas "demokrata“ zela eta Joxe Arregi, aldiz, "biolentoa“. Lehengo lepotik burua.
Nago ni, salatari herratsu haien ondorengoak nahiko itxura deitoragarria ematen ari direla hain errezeta zahar eta eraginik gabekoak erabiltzean. Gainera, nolabaiteko premia antzematen da beren ekimenetan, aurki letorkeen zerbait berriaren beldur balira edo. Agian egoera bat non oraindik zailago izango baitute Euskal Herriak jasaten duen eskubide urraketa estali eta mantentzea.
Nago ni, salatari haiek bezala, tabernariak zein presoen familiarrak jazartzen dituztenak eta umeak manipulatzen saiatzen direnak herrak jota aritzen direla. Jende aihertsua da eta horrek ahaztarazten die herri hau arnas luzekoa dela, eta Berangoko taberna horretara lehen baino gehiagotan sartzen saiatuko garela asko eta gure aurrekoek gurekin egin bezala, ondo baino hobeto azalduko diegula gure seme-alabeei nor diren herri honetan salatari haien ondorengo politikoak eta nor „gorri separatistenak“. Lehengo lepotik burua.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.