Urtero bezala, 10:00etan zabaldu dute azoka. Baina, ordu hori baino lehenago, lehenengo bisitariek gain-begirada ematen hasi dira eguneko lehenengo erosketak egiteko asmotan. Handik ordubetera, erosleek azokaren bi salmenta guneak bete egin dituzte. 14:00etara arte, etengabe izan dira salmentak. Bestalde, bertoko trikitilari taldeei eta aurten jarri diren hiru txosnei esker, jai giroa nagusi izan da azokan. Hori guztia, eta goizean izan den eguraldi ona ezinbestekoak izan dira giro itzela lortzeko. Produktuen aniztasuna eta kalitatea izan dira aurten ere San Lorentzo azokaren ezaugarri nagusiak. Barazkiak, txerrikiak eta ahatekiak, lekaleak, txakolina, euskal pastela, tradiziozko okintza, gozokiak, landareak eta loreak, gaztak, eztia eta beste hainbeste produktu egon dira salgai merkatuan. Ohikoa denez, Euskal Herri osotik etorritako ekoizleek bertaratu dira Algortara bere salgaiekin.
Barazki, landare eta gazta lehiaketak
Eguerdian ekoizle askok espero zuten momentua ailegatu da, epaimahaiak barazki, landare eta gazta lehiaketen emaitzak jakinarazi baititu. Iaz bezala, barazki lehiaketan, Urdulizko Adela Andikoetxeak lortu du lehenengo saria, bere ahizpa Mari Angeles Andikoetxearen eta Barrikako Jose Ramon Intxaurtietaren aurretik. Landare lehiaketari dagokionez, Urdulizko Maria Jesus Viteri izan da garaile. Usurbilgo Aranburu hazitegiak eta Barakaldoko Enedina Madariagak eskuratu dute bigarren eta hirugarren saria, hurrenez hurren. Gazta lehiaketan, berriz, Ricardo Murias (Muskiz) atera da garaile, Jesus Aranburu elkartearen (Idiazabal) eta La Lezeko baserriaren (Asparrena) aurretik.