Espainiako Estatuak Indian daukan enbaxadak funtzionario bat bidali du Kaxmirreko Leh hirira, eta horrek egindako lanei esker, dagoeneko hiritik alde egin eta New Delhira joan dira euskal mendizaleak, sor daitezkeen arriskuetatik alde egiteko. Hainbat komunikabidek ziurtatu dutenez, kirolariak Indiako hiriburuko aireportuko hotel batean bilduta daude itzulerako hegazkin bat lortzeko zain. Hala ere, diotenez, ez da lan erraza izango tokiko turista gehienek estatutik alde egin nahi dutelako eta aireportutik soilik 9 hegazkin komertzial aireratzen direlako. "Gainera, uste dut bertan dauden guztiek bere kabuz lortu beharko dutela bueltatzeko billetea, enbaxadak gutxi batzuk eskuratu ahal izan baititu bakarrik", azaldu du getxotarretako baten semeak.
Informazio gutxi
Bi mendizaleen senideak Getxoko Gobernu Taldearen jokabidea salatu dute, "oso informazio gutxi eskaini eta zer egin ez zekitela ere esan baitigute". Ganguren Mendi Taldekoei dagokienez, Galdakaoko Gobernu Taldeak Espainiako Atzerri Ministerioarekin eta Indiako Enbaxadarekin zuzenean kontaktuan jarri omen da, horrela lortutako informazio guztia eskaini ahal izateko haien senideei. "Astelehenean Getxoko udaletxera deitu nuen ea zer edo zer zekiten jakiteko, baina Josu Loroño zinegotziak ezer ez zekiela eta zer egin ez zekiela esan zigun", salatu du Himalayara joandako bi getxoztarretako baten semeak. "Dakidan bakarra da ondo dagoela, bere bi deien eta korreoengatik, ez tokiko gobernuak emandako informazioagatik. Komunikabideengatik ere informazioa biltzen ibili naiz pixkanaka-pixkanaka, baina euskal mendizale guztiak Delhin zeudela jakitean Espainiak Indian daukan enbaxadara deitu dut hori konfirmatzeko. Baina, nire ama eta bere bikotea bere informeetan ez dela agertzen esan dit".
Gaur bertan, Getxoko alkatearen idazkariak deitu dio berarekin bilera bat egin ahal izateko, baina "haiek izandako jarreragatik" ez dela joango azaldu du. Izan ere, Gobernu Taldearen parte handi bat, "zer edo zer egin beharrean, Algortan egin den San Lorentzo azokan ibili dira bueltaka".