Sahara eta Bielorrusiako hiru ume uda igarotzen ari dira Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abu. 11a, 08:05

Berangoko hiru familiek atzerriko neska bi eta mutil bat etxean hartu dituzte aurten. Umeak osasunerako ere onuragarria izaten den ingurune ezberdin batez gozatzea da ekimenaren helburua, tokiko iturriek azaldu dutenez. Uztaileko udal batzarraren ostean, gainera, hainbat opari eman zizkien Udalak. Fatima eta Hussein sahararrak dira eta Ekaterina bielorrusiar neskatoa. Lehenengo biak uztailaren 8an heldu ziren Berangora eta irailean joango dira. Ekaterina, berriz, ekainaren 25ean heldu eta abuztuaren 25ean joango da. Azken egun horretan beteko ditu 12 urte. Argazkian, Getxo udalerrira ere iritzi dira Sahara, Bielorrusia eta Errusiako umeak.

Berangon 36 urtez bizi izan den Maite Royo Mezorentzat ez da berria egitasmoa, duela 13 urtetik hartzen baititu etxean errefuxiatuen kanpamenduetatik etorritako ume sahararrak. Maite sei bider joan da kanpamentuetara eta Berangon uda igaro duten haurren familiekin kontaktuan ere badago. Aurten Hussein heldu zaio, sinpatiaz eta maitasunez beteriko 9 urteko mutikoa: "Dena eskertzen du. Jaten duen guztia gozoa iruditzen zaio. Xarmagarria da", nabarmendu du Maitek. Husseinek "bizia ere" ematen diela dio bi seme-alaba dituen berangoztarrak: "Ume ipurterreak izaten dira. Kalean egon behar dira, baina pena merezi du esperientziak", gaineratu du.

Aurreko urteetan Moulut izan zuen etxean; 8 urte baino ez zituela aipatu egitasmoan sartu zen Husseinen anaia, alegia. Ordutik, urtero etorri da, 21 urte bete dituen arte. Maiteren etxean izugarri dibertitzen den anai txikian ordezkatu du 2010ean.

Bielorrusiatik

Bestalde, Ekaterina bost bider egon da Adolfo Sangronizen etxean. 11 urte ditu eta oso azkarra eta ernaia da. "Ikasteko makina da, Bielorrusiatik heldutako ume guztiak bezala. 15 egunetara gaztelaniaz zer edo zer hitz egiten zuen. Orain guztiz ulertu eta ederto berba egiten du", aipatu du Sangronizek.

Bere familiak 9 urte daramatza Acobi elkartearen bitartez neskato bielorrusiarrak etxean hartzen. Sangronizen ustez, Ekaterina eta guretzat oso esperientzia positiboa da. Udako bi hilabete gurean igarotzea bere bizi-itxaropena luzatzea ere badakar". Izan ere, Chernobilgo istripu nuklearrak kutsatutako eremuetatik datoz aipatu neska-mutilak. Landa-udalerrietatik heldu ohi dira eta beste kultura batzuk ezagutzeko aukera izaten dute, euren herrialdean daukatena baino elikadura osotuagoaz gozatzeaz gain.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun