XVIII. mendeko eliza da zerrendan lehenengoa. Gidak azaltzen duenez, Santa Teresako Fray Marcosen lan hori antzinako San Lorentzo eliza nagusia (XIII. mendea) izan zenaren gainean kokatzen da, azken honen hilobiak iraunez. XIX. mendearen amaieran berreraiki egin zuten, Basterraren aginduz. Eraikinari kutsu neomediebala eman zion, baita neoerrenazentista ere, plazara irekitako arkupean.
Santa Anako baseliza barrokoa Landazabal anaiek eta Andres Alzagak eraiki zuten, XVII. mendeko tenplu baten gainean. Bestalde, grekolatindar estilo zaharra gogoratuz, 1949an eraikitako multzo ikusgarria da hilerria; bere fatxada nabarmentzen dela. Askoz lehenagokoa, XIII. mendekoa, da Otxandategi dorrea, "geroagoko jauretxe eta baserri banaren artean galkatuta" azaltzen dena, gidak aipatzen duenez.
Ondoren, Berango-Uriarte eta Agirre jauregiaz dihardu argitalpenak. Manuel Smith arkitekto entzutetsua hasi zen azken hori eraikitzen 1921ean. Baserrien artean, Arrizubiaga nabarmendu eta Sustatxa, Lukategitxu, Lotxarine eta Madariaga aipatzen ditu; baita Arrate Beko, Etxebarri eta Landaida ere, horietako elementu edergarriak (egur-tailak, zutabeak edo armarriak) azpimarratuz. Azkenik, Gobelatik gertu dauden bost ur-errotak ditu aipagai: Kukullaga, Itza, Errotatxu, Goiko Errota eta Poza.
Ibilbideak, agenda, telefono zenbakiak...
Uribe Kostako Mankomunitatean osatzen duten zazpi udalerrietako eraikin publikoetan egongo da eskuragarri laster koloretan ateratako gida. Munarrikolandako multzo megalitikoa -Berango eta Sopela arteko mugan- bezalako interes guneez aparte, jaien zein kultur edo kirol ekitaldi esanguratsuenen datak ere agertuko dira argitalpenean; baita Mankomunitatetik gertuko udalerrietan ibilbide erakargarriak, planoak eta intereseko telefonoa zenbakiak ere.