Sopelana BBK Pro 2010 munduko bodyboard txapelketa hasteko ordu batzuk baino ez direla falta, ziurtatuta dago munduko hoberenen etorrera, udal iturriek adierazi dutenez. Nahiz eta abuztu honetan olaturik ez egon, badirudi garaiz helduko direla uhinak, ohitura denez, txapelketa horretan benetako ikuskizunaz gozatu ahal izateko. Gainera, munduko bodyboarder onenak uretan ikusteko aukera izango da: Ryan Hardy (Shark Island txapelketa irabazi du pasadan astean), Ben Player (2008ko munduko txapelduna) eta Dave Winchester (2009ko munduko txapeldunordea) australiarrak zein Jeff Hubbard (2009ko munduko txapelduna), Dave Hubbard eta Jacob Romero hawaiiarrak, besteak beste. Eta nola ez, urte guztietan Sopelara gerturatu izan den Reunion irletako Amaury Laverhne; Sopelana BBK Pro-n bi aldiz txapeldun izan dena eta egungo sailkapenaren lehenengoa. Argazkian, iazko txapelketaren irudi bat / © Sopelana BBK Pro.