Bilboko Konpartsak: "Aste Nagusi berezia, jai eredu herrikoia bultzatuz!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abu. 18a, 20:19

2010eko abuztuaren 21a, arratsaldeko zazpiak. Urte osoko lanaren fruitua, txupinak markatuko du, Aste Nagusia martxan jarriz eta espero dugu, guztion gozamenerako festari hasiera emanez. 32 urte dira, 31 Aste Nagusi, 1978an sorturiko zorionezko zoramen honi hasiera eman zitzaionetik, 32 urte luze, mila pasadizo, milaka lan ordu, eta ahaztu ezinezko parrandak. Gaur hemen bildu garenak, 32 urte luze hauetan Bilboko Konpartsetako Jai Batzordea osatu izan dugunak gara, 32 urte hauetan Aste Nagusiaren alde, gure gogoa, gure lana eta jakintza debalde eman dugunak bildu gara. Zertarako? Aurtengoa Aste Nagusi berezia izango denaren berri emateko, Aste Nagusiaren ereduaren alde lan egiteko, Aste Nagusia bultzatzeko.

78an sorturiko ereduan sinisten jarraitzen dugu. Eredu mistoan sinisten dugu, udala eta konpartsen artean sorturiko jai ereduan. Eta 32 urte luze hauetan, eredu hori gainbeheran dagoela ohartarazi beharrean gaude.

- Udalak eredu pribatu bateranzko joera agertzen duelako
- Jai Batzorde Mistoa espazio informatibo hutsa bilakatu dutelako, Aste Nagusia kudeatzeko espazio gabe utziz
- Jaietarako aurrekontuak modu larrian murrizten direlako
- Konpartsak zigortu, antolatu beharreko ekitaldiak debekatu, eta konpartsa berriei muntatzeko baimena ukatu egiten zaielako
- Adierazpen askatasuna kolokan jartzen delako bere egikaritza murriztuz, edo murriztu nahiaz
- Jai egutegia arbitrarioki aldatzen delako, interes politiko eta bestelako interes ekonomikoei jarraika, Aste Nagusiaren ohiturei muzin eginez
- Eta abar.

Horregatik, jaien alde, eta jaiaren onuran pentsatuz, hurrengo jarduerak planteatu ditugu, Aste Nagusi Berezia:

- Adierazpen Askatasunean sinisten dugulako, konpartsen aniztasun koloretsuan, aurten kolore beltza gehituko dugu, Aste Nagusi beltza irudikatuz. Horregatik txosnen koloretan, txupinaren egunean, eta bestelako ekitaldietan aurten Beltzez azpimarraturik egongo dira, jaia sustatu nahi dugulako, baina baita ere, Adierazpen Askatasunaren eskaria zabaldu
- Eta Abuztuaren 25ean, asteazkena, konpartsa guztiok plantoa egingo dugu, txupinetik txupinera, goizeko 10etatik hurrengo eguneko goizeko 10etararte. Egun honetan konpartsak Aste Nagusiko argazkitik desagertuko gara, jai alaia eta koloretsua ez da egongo, ez lehiaketa gastronomikoa, ez xake txapelketa, ez txosnarik, ez konpartsek antolaturiko kontzerturik, ez bertso bazkaririk… finean, ez dugu jaietan parte hartuko. Konpartsa gabeko jaiak zer nolakoak izan daitezken irudikatu nahi dugulako, udalak eramaten ari duen politikak nora garamatzan irudikatu nahi dugulako, horrelako astakeriarik benetan gauzatu ez dadin

Konpartsentzako erabaki gogorra izan da egun batez jairik ez egitea, plantoa egitea, baina beharrezkoa delakoaren ustetan gaude, egoerak exijitzen digun erabakia. Egun horretan, ez gara presente egongo. Uste dugu jendarteak urteetan konpartsekin bat egin duen moduan, egun horren fundamentuarekin guztiz ados dagoela eta bakoitzak bere erara konpartsen plantoarekin bat egingo duela. Planto Eguna horretan datza, horretan bakarrik, beraz lasaitu daitezela, Aste Nagusia berotu nahi duten pertsonaia politikoak

Gure erabakiaren irudikapen praktikoa abuztuaren 25an, arratsaldeko 13:30ean udaletxe aurrean egingo dugun agerraldian emango dugu, bertan erabaki hau hartzera eraman gaituen arrazoiei errepasoa eman eta guretzako egun honek zer suposatzen duen azalduko dugu. Egun horretara udaletxean gurekin egotera gonbidapena luzatzen dizuegu guztioi.

Beste barik, Aste Nagusi berezi honek jaien aldeko indarrak batzera bideratu gaitzan espero dugu, konpondu beharreko arazoak konpontzeko gure prestasuna berretsiz, jai arrakastatsu eta zoriontsuak izateko gure nahia azaleratzen dugu. Jakin dezatela jai ereduaren kontra, Aste Nagusiaren kontra dauden guztiei modu alai, ezberdin, indartsu eta irmoan erantzungo diegula, utz gaitzatela bakean, utzi dezatela Aste Nagusia bakean. 2.010eko Aste Nagusia Berezia izango den bakarra izatea espero dugu, eta hurrengoak berezi ordez, Mundialak izatearen alde lan eta bizi egingo dugu.

Guztion artean egindako jai batzuen alde, guztion gozamenerako, Bilboko Konpartsek Bilboko herriari deia luzatzen diote gurekin lan egiteko orain arte ezagutzen eta gozatzen dugun Aste Nagusi hau bere horretan mantendu dadin.

Guztiontzako Aste Nagusi bat...
Ondo pasa jaietan.
Gora Aste Nagusia!
Gora Marijaia!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun