Hain zuzen ere, behaketa parte-hartzailean oinarritu da ikertzailea bere tesia aurrera eramateko. Aipaturiko hiru kirol-praktiketan izaten diren gertakizunen deskribapena egin du, batetik, eta kirol horien barne- (non eta nola jokatu, araudia…) eta kanpo-logikaren (kirol horretaz gizartean egiten den interpretazioa, daukan sinbolismoa…) analisia, bestetik.
Kirola, norbera jendarteratzeko
Aztergai hartu dituen hiru kirol horiek euskal jendartearen ezaugarriak azaleratzen dituztela ikusi du Oiarbidek. Horrenbestez, kirolak ez dira besterik gabe praktikatzen; eraikin kulturalak dira. Hori horrela, beste ikuspuntu batetik ere erreparatu dio tesi-egileak auziari: berak dio kirolak balio duela herritarrek jendartearen mentalitatea bereganatu dezaten, edo kirola jendarteratzeko tresna indartsua dela, bestela esanda. Izan ere, kirol-sistema jendartean txertatuta dago. Ondorioz, kirol-jarduera batean parte hartzera doan pertsona batek jokoaren barne-logika hutsari dagozkion galderei (non, zer, nola, norekin, zerekin…) erantzun behar dienean ere, jendartearen barrutik erantzun behar izaten die galderoi. Jendarte bakoitzak kirolariaren rolari ezaugarri sozial jakin batzuk atxikitzen dizkio.
Hain zuzen ere, rol sozial hori errendimenduko kirolariarena edo aisialdikoarena izan daitekeela nabarmendu du Oiarbidek, kirolaren arabera. Hala, futbolariek errendimenduko rol soziala bereganatuko lukete, eta jokoan ariko lirateke. Zeharkaldietako mendizaleak eta aerobicean aritzen diren kirolariak, aldiz, aisialdiko rol sozialaren jabe lirateke, eta jolasean ibiliko lirateke, ongizatea helburu. Tesi-egileak gogorarazi du hiru kirol-jarduera besterik ez duela aztertu bere tesian, eta kirol gehiago aztertu beharko liratekeela ikerketa osatzeko.
Egileari buruz
Asier Oiarbide Goikoetxea (Lazkao, 1967) Soin Hezkuntzan lizentziatua da. Joseba Etxebeste Otegi EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakaslearen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Gaur egun, Oiarbide bera irakaslea da sail horretan. EHUn bertan egin du tesia.