Paketean sartzen da: gau bateko ostatua eta gosaria (50 eurotik gora logela bakoitzeko); itsasaldi aurreko eta osteko taxi garraioan deskontuak (aldez aurretik erreserba eginez), eta check-in/out itsasaldirako ontziratze/lehorreratzeko edo zaindegi zerbitzuko ordutegietara egokitzea. Bi gauetarako ostatu-erreserba eginez gero (ez dira zertan elkarren segidakoak izan behar), Bizkaia Zubirako eta Getxo Aquarium-erako sarrerak dohainik eta Taxi Tour bisita turistikorako deskontua eskainiko dira.
Taxiz lekualdatuz gero, 10 minututan, gutxi gorabehera, bidaia-ontzien moilara helduko dira turistak, eta 5 euroko deskontua eskainiko zaie taxi bakoitzeko. Bestetik, bidaiariak kotxez hurbiltzen badira, nola heldu eta aparkatzeko leku eta tarifei buruzko informazioa eskainiko zaie (Informazio gehiago erantsitako dokumentuan).
Erreserbak Getxoko Udal Bulego Turistikoaren edo bidaia agentzien bitartez egin ahal izango dira. Ordainketa hoteletan eta taxietan bertan egin beharko da, itsasontzian ontziratzeko erreserbaren agiria edo txartela aldez aurretik aurkeztuz. Informazioa eta erreserbak: 944 910 800, infoturismo[abildua]getxo.net eta www.getxo.net/turismo eta www.mybilbaobizkaia.com-en bitartez.
Bestelako eskaintzak
Udal Turismo Bulegoak “Kultur Joan-etorria” pakete turistikoa ere badauka. Horretan honako hauek eskaintzen dira: bi gauerako ostatua (ostiralean eta larunbatean) eta gosaria (75tik gora euro pertsonako eta asteburuko); Bizkaia Zubiko pasabidera igotzeko eta Getxo Aquariumera sartzeko sarrerak, eta 5 euroko deskontua “Getxo Taxi Tour” zerbitzuan.
Halaber, beste zerbitzu eta baliabide turistikoei buruz informazioa eskaintzen da, besteak beste, “Getxo, bisitatu eta gozatu” ekimeneko bisita gidatu eta antzeztuei buruzkoa. "Horietako parte-hartzaileek, gogobetetze inkesten bitartez, oso balorazio ona eman dute eta oso atseginak, dibertigarriak eta bitxiak direla esaten dute. Izan ere, haietariko askok beste bisita bat egiten dute lehenengoaren ostean", azaldu dute udal arduradunek. “Getxo bisitatu eta gozatu” programaz gozatu dutenen artean Arabatik, Guadalajaratik, Errioxatik, Asturiasetik, Madrildik, Leondik … etorritako bisitariak daude, baita getxoztarrak ere.
Bisitariei udako aisialdirako eskaintzen zaizkien beste aukerak honako hauek dira: “Getxo: Dinosauro Parkea” erakustaldia; hidroterapia-zerbitzuak hiri-bainuetxean; "¡Hondartza bizi!" haurrentzako eta gazteentzako jarduerak Ereaga hondartzan; eta “Ostegun Nabigatzailea” belaontzietan ohiko irteerak, besteak beste. Promozio horietan parte hartzen duten turista guztiei “Getxo Pass-Gozatu Getxon” txartela turistikoa ematen zaie, udalerrian dauden bitartean abantailak eskuratu eta opariak jaso ahal izateko.