Ezker abertzalea: "Estrategiatik kanpo dago, bide politikoaren eta demokratikoaren erabileran oinarritutako apustua hausten duen edozein ekimen"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abu. 20a, 01:38

Edozein delarik azken egunotako gertaera horien zioa, Ezker Abertzaleak argiki adierazi du soilik bide politiko eta demokratikoen erabileran oinarrituko den Prozesu Demokratiko bat garatzeko bere apustua, hau hausten duen edozein ekimen estrategiatik kanpo geratzen delarik. Egungo egoera politikoa Ezker Abertzalearen iniziatiba politikoak markatzen du, helburua gatazka eta oinarrizko eskubideen urraketa (Autodeterminazio eskubidea kasu) gaindituko duen ziklo aldaketa agertoki bat irekitzea delarik. Konfrontazio demokratiko marko batek gure herria independentziara eramatearen beldur diren Estatu espainiarra eta gure herriko sektore politiko batzuk garatzen duten blokeo estrategia haustea ezinbestekoa da horretarako, herri mobilizazioa eta indar metaketa direlarik horretarako tresna. Argazkian, Uribe Kostako ezker abertzaleak maiatzaren 16an bat egin zuen Zutik Euskal Herria adierazpenarekin.

Irakurri ezker abertzaleak atzo zabaldutako oharra osorik:

Euskal Herriko herri ezberdinetan azken egunotan jazotzen ari diren gertakarien (edukinontzien erreketak, etab) aurrean, Ezker Abertzaleak honakoa adierazi nahi du:

- Euskal Herriaren luze zabalean ospatzen ari diren jaiak festa eta aldarrikapenaren uztartzearen adibide dira. Zenbait lekutan jaiak zein aldarrikapenak zenbait instituzio eta indar polizialen boikota jaso duten arren, aurrera jotzen asmatu da, probokazio errepresiboan erori gabe.

- Azken egunotan zenbait herritan jasotzen ari diren gertaerak testuinguru jakin batean ematen ari dira: Euskal Herriari eta euskal preso politikoei urratuak zaizkien eskubideen aldeko dinamika udarako ardatza izaten ari da, gaitasun mobilizatzaile handi batekin. Horrek gertaera horien atzean dinamika mobilizatzailea zapuzteko asmo politiko bat dagoela pentsarazten dio Ezker Abertzaleari.

- Gertaera horietaz Eusko Jaurlaritzaren Barne Saila, herri batzuetako alkateak eta alderdi politiko zein komunikabide gehienak burutzen ari diren erabilera politikoa salatu nahi du Ezker Abertzaleak. Ezker Abertzalea kriminalizatzeko eta sortzen ari den agertoki politiko berriaren aurrean blokeo egoera mantentzeko ahaleginean, erabateko arduragabekeria politikoa azaltzen ari dira

- Edozein delarik azken egunotako gertaera horien zioa, Ezker Abertzaleak argiki adierazi du soilik bide politiko eta demokratikoen erabileran oinarrituko den Prozesu Demokratiko bat garatzeko bere apustua, hau hausten duen edozein ekimen estrategiatik kanpo geratzen delarik.

- Egungo egoera politikoa Ezker Abertzalearen iniziatiba politikoak markatzen du, helburua gatazka eta oinarrizko eskubideen urraketa (Autodeterminazio eskubidea kasu) gaindituko duen ziklo aldaketa agertoki bat irekitzea delarik. Konfrontazio demokratiko marko batek gure herria independentziara eramatearen beldur diren Estatu espainiarra eta gure herriko sektore politiko batzuk garatzen duten blokeo estrategia haustea ezinbestekoa da horretarako, herri mobilizazioa eta indar metaketa direlarik horretarako tresna.

Ezker Abertzalea, 2010eko abuztuaren 18a
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun