Aritz Larrinaga rider sopeloztarrak zorte ona opa zien lehiakide euskaldunei atzo, osteguna, Arriatera hondartzan egindako
Sopelana BBK Pro 2010 txapelketaren aurkezpenean. "Emaitza ona lortzea benetan zaila da maila oso altua baita. Nik lortzen ez badut, euskal rider baten bat ikusi nahiko nuke azken itzulietan", adierazi zuenez. Amaury Laverhne bodyboarderra ere probaren mailaz aritu zen: "Urtetik urtera maila altuagoa da eta aurten ere oso gogorra izango da", esan zuenez. Azkenik, Jeff Hubbard iazko munduko txapeldunak ondokoak goraipatu zituen: "Antolakuntza oso profesionala da eta nazioarteko rider onenak lehiatuko dira, oso hunkigarria eta dibertigarria izango da". Txapelketari dagokionez, atzo 16:00etan izandako azken checking-aren ostean, gaur arte atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. Hurrengo chekinga goizeko 8etan izango da. Metro bateko olatuak haize onarekin espero dira. Gaurko egitarauan Tow Out erakustaldia programatuta dago: lehiakideak ur-motorrarekin olatuen kontra bultzatzen dira, izugarrizko jauziak eginez. Argazkian, atzoko prentsaurrekoan egon ziren Imanol Garai alkatea, Josu Landaluze alkateordea, Alex Bartolome BBK-ko ordezkaria, Aritz Larrinaga Euskal Bodyboard Eskolako kide eta lehiakide sopeloztarra, Amaury Laverhne egungo rankingaren liderra eta bi aldiz Sopelana BBK Pro munduko probako txapelduna eta Jeff Hubbard iazko munduko txapelduna / © Sopelana.net.