Garabiak eramandako ibilgailu gehienak, zortzi, Algortako Arriluze eta Ereaga aldean zeuden aparkatuta. Gainontzekoak Gobelaurre, Bidezabal eta Olarretxe kaleetan. Guztira, Getxoko Udaltzaingoak kalean salgai zeuden ehun auto inguru aurkitu zituen aipatu epealdian. 2009an zehar, berriz, 75 izan ziren eta horietatik 12 eraman zituen garabiak. Bestalde, 48 salaketa-agiri bideratu zituzten.
Autoen behaketa
Udaltzainek kalean “salgai” kartela bistan duten ibilgailuen behaketa egiten dute egun batzuez, "autoa leku berean, mugitu barik eta begi-bistako kartelarekin jarraitzen duela ikusteko". "Ondoren, ibilgailua udal-gordailura eramango dute eta dagokion salaketa ipiniko diote, bide publikoan merkataritzan jarduteagatik", jakinarazi dute Udalekoek. Bestalde, gordailutik atera ahal izateko, autoaren bila doan pertsonak ibilgailua bere izenean dagoela egiaztatzen duten agiri guztiak aurkeztu behar ditu. "Egungo jabea, alegia, salgai ipini duen pertsona titularra ez bada, bere izenean ipini beharko du edo Trafikoko Zuzendaritza Probintzialean agertzen den jabeak lagundu beharko dio udal gordailura, autoa atera ahal izateko", azaldu dutenez. Egun gai hori arautzen duen trafiko araudirik ez dagoenez, prestatzen ari diren trafiko udal ordenantzaren zirriborroan balizko egoera guzti horiek jasoko dira eta salaketak egin, autoak atera eta beste ekintza batzuk egin ahal izango dira, egungo Merkataritzako Jardueraren Legean ez ezik udal ordenantzan ere oinarrituta.