Asteazken honetan, abuztuak 25, hasiko dira
San Agustin jaiak Erandion. Bertoko neska-mutilek ere zer ospatu eta aldarrikatu badutela iritzi dio tokiko gazte asanbladak. Gauzak horrela, biharko gaua ondo hasteko, Bunker8 eta Kantuki erromeria taldearen musikaz gozatzeko aukera izango dute txosna gunean. Bestetik, ostegunean, lau urteren bueltan ohikoa bilakatu den gala afaria egingo dute. Sarrerak agortuta daude jada. 250 lagun inguru batu ohi dira aipatu ospakizunean, Erandioko Gazte Asanbladak adierazi duenez. Ondoren, txosnetan, bildutakoak dantzan jarriko dituzte Dj Bull eta Dj Munzak. Ostiral gauean, berriz, La Pegatina talde katalanaren emanaldia eta Tximeletaren erromeria egongo dira. Azkenik, larunbatean, Erandioko Gazte Egunaren laugarren edizioa ospatuko dute, jardunaldi osoan zehar. Horrenbestez, aerobitoia kaleetatik (13:00) eta "misa menor" (14:00) zein gazte bazkaria (14:30) egingo dute txosnetan. 19:00etatik aurrera, Zaparrada batukada taldeak girotuko du poteoa. Amaitzeko, gauean, Siroka eta Esne Beltza taldeek joko dute, gauerdian hasita. Argazkian, bazkaria aurreko gazte egun batean.