Asel Luzarraga musikaria, idazlea eta Euskal PEN Klubeko zuzendaritza batzordeko kidearen aurkako epaiketa hasi zen atzo, Temucon (Txile). Atxilotu zutenean, iazko abenduaren 31n, lehergailuekin atentatuak egitea leporatu zioten; gero frogatu zuen ezinezkoa zela, leherketak jazo ziren egunetako batzuetan ez zegoelako Txilen, Euskal Herrian baizik. Etxean lehergailuak edukitzea egozten dio, ordea, fiskalak. Atzo, epaiketaren lehen egunean, bere aurkako akusazio guztiak ukatu zituen, ordubete inguruko saio batean, "Berria" egunkariak zabaldu duenez. Fiskalak, hala ere, zigor eskaerari eutsi dio: Luzarraga bost urtez kartzelatzea galdegin du. Libre uzteko eskatu du, berriz, defentsako abokatuak; Luzarragak berak eskatu du libre utziz gero Txiletik ez kanporatzeko. Argazkian, Aselen alde egindako elkarretaratzeetako bat, atxilotu zutenean / © Askapena.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!