Itsasoruntzek zabaldutako oharra:
Prozesuaren alde, busti zaitez!
Itsasoruntz, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari konponbide bat aurkitu nahi dion prozesuari bultzada txiki bat emateko helburuak gidatua sortu zen. Algortako Portu Zaharra irribarrez, indarrez eta itxaropenez bete genuen 2006ko urriaren 21ean: kolore ezberdinetako jendeak jauzi egin zuen uretara, neskak zein mutilak, gaztetxoak eta helduak. Ilusioa metatzea lortu genuen. Eta proiektu berriak irudikatzen hasi ziren hainbaten buruetan: dagoeneko txinparta airean zegoen, sua lortzea besterik ez zen falta. Ekimena txiki geratu zen eta, sarearen bila joan ziren ausartenak. Itsasoruntz sarea, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren osotasunari behin-betiko konponbidea aurkitu nahian dabilen olatu sorta, itsasbazterreko surflari, arrantzale zein bainulari mordoa. Gaur Marijaia agurtu nahi dugu. Eta harekin batera Nerbioi ibaira jauzi egin. Gure herriko urekin jolastuz gure herriak behar duen benetako poztasuna aldarrikatzeko. Poztasun hori lortzeko bidea martxan jarri dadila oihukatzeko. Jaiak askeak, ederrak eta osoak izan daitezkeela amesteko.