Atzo, osteguna, goizeko zazpietan, trenetik jaitsi zen bidaiari-talde handi batek Plentziako geltokiko gainbegiraleari eta hiru zaintzaileei eraso egin zietela zabaldu dute hainbat hedabidek,
Metro Bilbao garraio enpresako iturriak aipatuz. Gainbegiraleak azken egunotan metroa txartelik gabe erabili duen bidaiari bat ezagutu ei zuen, eta hori aurpegiratu zionean hasi omen ziren liskarrak. Hedabideek adierazi dutenez, Metro Bilbaok "erabateko babesa" erakutsi die kaltetuei, eta jakitera eman du gertakariak argitzen laguntzeko ikerketan "laguntza osoa" eskaini diola Ertzaintzari. Halaber, eraso horiek "zigor bidetik" salatzeko asmoa erakutsi du, "antzeko gertakariak zigortu dituzten azken epaien arabera, erasoa agintaritzaren agenteen kontrako atentatua baita". Argazkian, metroko langile bat beharrean, bezeroak trenera sartzen diren bitartean, artxibo irudi batean.