Programa horri esker, adimen urritasuna duten 16 eta 30 urte bitarteko 15 gaztek aisialdi jardueretan normaltasun osoz parte hartu dute honezkero, hala nola sukaldaritza ikastaroan, surf ikastaroan edo perkusio tailerrean. Udal iturriek jakinarazi dutenez, "programaren helburu nagusia aisialdi eskaintza erabat integratzailea izatea da. Hau da, adimen urritasuna duten gazteentzako eskaintza berezia sortu beharrean, gazte guztientzako eskaintza sortzea du xede. Programaren arduradunak egiten duen koordinazio lanari esker, adimen urritasuna duten eta, hori dela eta, nolabaiteko laguntza behar duten gazteei sostengua eskaintzen zaie gazte boluntarioen bitartez".
Proiektuaren metodologia adimen urritasuna duten pertsonei arreta indibidualizatua eta, gizarte eremuko ekipamendu ezberdinetan, inklusio eta berdintasunaren aldeko politika eskaintzean datza. Ekimen horren "arrakasta" ikusita, hurrengo ikasturteari begira, bertan parte hartzeko eskaera berriak jaso dira jada.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.