Erakustaldiak Gangoitiren bizitza eta heriotza jasotzeaz gain, berak nabigatu zuen itsasontziari buruzkoa ere bada. Izan ere, ontzi horren barruan atxilotu zuten. Atzo abiatu zen ekimena eta datorren astelehenera arte, irailak 6, egongo da ikusgai. Dena den, ekitaldi ofiziala igandean izango da, eguerdiko 12etan. Egunero arratsaldeko 5etatik 9etara izango da zabalik. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo erakusketa 2004an Bilbao Arten egindakoa baino txikiagoa da, baina, oraingoan geroagoko obraren bat ere sartu dute.
Gangoiti zenak 2000ko maiatzaren 3an jaso zuen lehenengo aldiz aitorpen instituzionalak, Gorlizko Udalbatzak aho batez emana. Berarekin batera, 1936ko gerran frankistek espetxearekin eta heriotzarekin zigortutako beste gorliztarrak gogoratu zituzten: Ramon Gangoiti Sarria Gorlizko alkatea eta Eusko Abertzale Ekintza alderdikoa, Ramon Bilbao Onaindi EAEko zinegotzia Gorlizen, Rafael Siluaga Mellique Gorlizko erietxeko atezaina, Martin Larrazabal Marcaida udal aguazila, Jose Rola Garay, Francisco Beitia Uribarri, Pedro Onaindi Achirica, Jesús Hormaza Marcaida eta Gregorio Achirica Ibarbengoechea.
2008an, ordea, Plentziako Euzko Alderdi Jeltzaleak eskatuta, Plentziako Udalbatzak aitorpen instituzionala egin zien Ramon Bilbao Onaindi, Andres Gangoiti Onaindi eta Rafael Siluaga Melliqueri, guztiak plentziarrak zirelakoan, nahiz eta Siluaga besterik ez izan hiribilduko semea.