Aurten, Frank Kalero Alejandro Castelloteren lekukoa hartuko du Getxophotoko komisario gisa. Argazkigintza orokorraren eta bereziki aisian duen ikuskera pertsonala nazioarteko egileen aparteko lanetan islatuko da hori, antolatzaileen arabera. "Edizio honetan ikusi ahal izango diren lanek, aisiaren errituak beren era askotako adierazpenetan erakutsiko dituzte: musikarekin edo play stationsekin zoroak, bikote trukea, kulturista, panpina puztuak, edalea, sokamuturra, jolas parkeak, skaters eta beste hainbat gauza", adierazi dute antolatzaileek.
Aurtengo Getxophotok aisia izango du ardatz "Aisiari gorazarre" lelopean, aisia autoerrealizaziora zuzendutako denbora bezala ulertuta. Lanek aisiaren errituak beren era askotako adierazpenetan erakutsiko dituzte. Laugarren edizio horretan, jaialdiak egile europarren eta Ipar Amerikakoetan arreta ardaztu du, "azken lau urteotan munduari bira txiki bat osatuz", antolatzaileek adierazi dutenez. "Aukeraketa irizpideari leial izanik, egile ospetsuak eta beraien ibilbide profesionala hasiberria duten egileak izango dira. Guztiek argazkilari onak eta lan bikainak dituzte: Martin Parr, Phil Toledano, Martin Schoeller, James Mollison, Nadav Kander, Naomi Harris, Martin Kollar, Steve Schoefield, Robert Huber, Txema Salvans, Anoek Steketee, Greg Miller, Eduardo Arrillaga, Andreas Meischner, Peter Dench, Mentalgassi eta Captura.org".
Jarduerak irailaren 2tik 5era
Irailaren 2an, ostegunean, Martin Parr argazkilaria eta jaialdira gonbidatutako hainbat egileen topaketa batek Getxophoto 2010ari emango dio hasiera. Irekiera egun horretatik irailaren 5era bitartean "Mentalgassi" ekimena egingo dute hiri monotonoak leku dibertigarriagoak bihurtzeko sormen-kontzeptuarekin. Gauzak horrela, ekimen horrek hiritarrari ematen dio atentzioa, hiritarra bera bere ingurunearekin nahasiz. Irailaren 3an, berriz, "Photowalk" izeneko ekimena egingo dute eguerdiko 12etan. Saio hori 2 orduko paseoa izango da 2 argazkilari ospetsuren estudioetatik: Aitor Ortiz eta Gonzalo Azumendi. Txema Salvainsek, berriz, "Argazkirik atera ezean hilko naiz" lantegia eskainiko du irailaren 2 eta 3an. Saioa Olmo artista bilbotarrarekin "desirak puztuz" tailerra egiteko aukera egongo da irailaren 4ean Algortako Portu Zaharrean eguerdiko 12:30ean. Azkenik, irailaren 5ean, igandea, "Pop Proiekzioa" ekimena bueltatuko da nahi duenak bere argazkiak erakutsi ditzan 20:30ean Portu Zaharrean.
Jarduerak: irailak 2-urriak 3
Aurtengo edizioan, ekimen berriak egingo dira erakusketa irauten duen bitartean. Alde batetik, Argaz(ni)kiak egingo da. Bertan Galder Izagirrek ateratako argazkiak nikietan inprimatutako sei irudietako seriea da. Nikiak hiritarren artean banatuko dira eurak erakusketa-euskarri bihur daitezen. The Blade eta Skunk Funkekin elkarlanean egindako proiektua da. Bestalde, Getxo eta Bilboko tabernetatik Peter Dench-en irudiak daramaten 5.000 edalontziazpiko zabalduko dituzte. Bitxikeria luze eta zabal izan du hizpide
Jokin Aspuru Begihandiko buruak egindako adierazpenetan (mp3). "Papel" deituriko txokoan argazkigintzaren inguruko hainbat aldizkari eta liburuak kontsultatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek. "13-16" izenez deituriko beste ekintza batek aisia fotografiatuko duten gazteekin elkarlanean egongo da. Gainera, aurten ere, "Ibili" Arte Ederrak ikasten ari direnen eskutik, erakusketarik adierazgarrienak ikusteko bisita gidatuen programa bueltatuko da.
"Mundu osora gure udalerriaren irudi kosmopolita zabaltzen daualako", Getxoko Udalak 100.000 euroko dirulaguntza eta erabateko babesa eman dio aurreko hiru urteetan bezala Getxophotoren laugarren edizioari, Josu Loroño Komunikazio zinegotziak gogoratu duenez (mp3).
Egitarau osoa
Ekitaldi guztiak biltzen duen katalogoa eskuratzeko sakatu hemen (pdf).