Eskualdeko bigarren esaera zaharren txapelketa sortu da Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko abu. 31a, 21:27
Irailaren 25ean lehenengo aldiz ospatuko dute Plentzian Esaera Zaharren Txapelketa, tradizio luzea duen Sopelako ekimenari gehituko zaiona. Aurretik, Sopelatik atsotitzen jokoa Mungia, Bilbo eta Altsasura salto eginda zegoen, baina lehenengo aldia da eskualdean bertan horrelako beste ekimen bat abiatzen dena. Dena den, plentziarrentzat prestaketak ez dira errazak izan. Izan ere, lehiaketa 25ean izango bada ere, Udalak ateratako egitarauan 12an izango dela iragarri da. Era berean, agenda arazoak tarteko, aurreikusita zegoen Xabi Paya bertsolariak ezin izango du ekimenean parte hartu. Gauzak horrela, txapelketan parte hartzeko izen emate epea irailaren 15ean amaituko da eta parte hartu nahi dutenek Goñi Portal kultur etxean, Plentzia Telebistaren lokalean edo Gazte Topagunean eman beharko dute izena. Argazkian, iaz Sopelan batutako partehartzaileetariko batzuk.
Bost euro ordainduz gero izen ematea baino ez dute egingo interesatuek eta beste hamahiru jarriz gero bazkari txartela ere eskuratuko dute. Bestalde, Interneten bidez ere egin daiteke inskripzioa, esaerazaharrakplentzian@gmail.com helbide elektronikora edo Facebookeko Esaera Zaharrak profilera mezua bidaliz taldearen izena, telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat emanda. Saioan zehar, lehiaketako parte hartzaileekin batera Etxahun Lekue eta Uxue Alberdi bertsolariak izango dira protagonistak.

Txapelketaren dinamika Sopelakoaren antzekoa da. Zerrendako atsotitzak ikasita, bertsolariek botatako bertsoek zein esaera zaharrei egiten dieten erreferentzia asmatu behar da. Goizean kanporaketak izango dira eta arratsaldean, bazkalostean, finala.

Txapelketaren oinarriak

1.Txapelketa taldeka egiten da (gehienez ere 3 kide, 16 urtetik gorakoak).

2.Izena emateko azken eguna IRAILAREN 15a izango da. TALDEAren IZENA, TELEFONOA eta HELBIDE ELEKTRONIKOA eman beharko dira.

3.Taldekide bakoitzak 5€ ordaindu beharko du izena ematean, inskripzio gisa. Bazkarirako, 13€ pertsonako.

4.Izenaz gain, taldeek zenbaki bana izango dute: 1. taldea 2. taldea, etab.

5.Txapelketak BI SAIO ditu: eguerdian KANPORAKETAK eta arratsaldean FINALAK.

6.Txapelketan, bertsoei dagozkien esaerak zerrenda ofizialean agertzen den modu BEREAN (hitzez hitz) esan beharko dira ontzat emateko. Txapelketa egunean ezin izango da zerrenda eskuan izan.

7.Esaera asmatzeko bertso bat kantatuko zaio dagokion taldeari, bertsoan esaera asmatzeko hainbat zantzu agertuko delarik. Bertsoa, gehienez, birritan kantatuko da eta hortik aurrera taldeak minutu bat izango du erantzuna emateko, TALDEKO BOZERAMALEAren bidez (beti pertsona bera). Erantzun bakarra onartuko da taldeko.

8.Talde bakoitzak, gutxienez, bertso bi entzungo ditu (hau da, esaera bi asmatu ahal izango ditu). Bere txandan asmatzen duen esaera bakoitzeko, taldeak puntu BI eskuratuko ditu.

9.Esaera asmatu ezean, beste taldeek erreboterako aukera izango dute. Bertsoa berriro kantatuko, eta taldeen ordena errespetatuko da. Errebotean asmatzen duen taldeak puntu BAT irabaziko du.

10.Goizeko ibilbide bakoitzean puntu gehien batzen duen taldea FINALERA joango da; arratsaldean puntu gehien lortzen duena IRABAZLEA izango da.

11.Kanporaketetan zein finalean HAINBANA gertatuz gero, bertso bana kantatuko zaie taldeei, batek besteek baino puntu gehiago erdietsi arte.

12.ESAERA ZAHARRAK PLENTZIANek honako oinarriak aldatzeko eskubidea du, antolaketa arazorik izanez gero.

13.Epaimahaia izango da txapelketa gidatzeko; ESAERA ZAHARRAK PLENTZIANek erabakiko du zenbatek eta nortzuek osatuko duten.

14.Txapelketan parte hartzeak oinarriok onartzea dakar ezinbestean. Hala ere, beti izango da kexatzeko eskubidea.

Esaera zaharrak eta horien azalpena:

1.ABENDUKO EGUNA, ARGITU ORDUKO ILUNA
Abenduan egunak oso laburrak dira eta oso goiz iluntzen du.

2.ADISKIDE ONEKIN ORDUAK LABUR
Konpainia onean gaudenean denbora azkarrago pasatzen dela iruditzen zaigu.

3.AITA BILTZAILE, SEME GASTATZAILE
Askotan gurasoek bizitzan zehar lortutako guztia seme-alabek gastatzen dute arin-arin.

4.ALDI JOANA EZ DA ITZULTZEN
Aukerak bizitzan behin egoten dira eta behin pasatzen utziz gero ez dago atzera bueltarik.

5.AMARI EGINDAKO ZORRAK EZ DIRA INOIZ ORDAINTZEN
Amek normalean dena ematen dute seme-alaben alde, baina seme-alabek ez dute beti modu berean erantzuten.

6.APAIZAK ETA PRAILEAK, HEGAL GABEKO BELEAK
Erlijio gizonak ez dira beti oso onak izan historian zehar; bestetik, belea sorginkeria eta gaiztakeriarekin lotu izan da beti.

7.ARDI GALDUA ATZEMAN DAITEKE, ALDI GALDUA BERRIZ EZ
Bizitzan askotan aukerak konturatu barik pasatzen zaizkigu eta zaila izaten da momentuan ohartzea.

8.ARDO GOZOAK LAU BEGI ETA OINIK EZ
Ardo on asko edaten denean dena modu bikoitzean ikusten da eta ez gara ibiltzeko oso ondo egoten.

9.ASKO BALIO DU INDARRAK, GEHIAGO BURU AZKARRAK
Askotan indartsua izatea baino garrantzitsuagoa da burua erabiltzen jakitea. Erdaraz: “Más vale maña que fuerza”.

10.ASKOREN MINA, TONTOEN ATSEGINA
Erdarazko “Mal de muchos consuelo de tontos” esaeraren parekoa.

11.ASTOA, ZALDIZ JANTZI ARREN, BETI ASTO
Gauzak diren bezalakoak dira, itxura aldatzen saiatu arren.

12.BAKOITZAK BERE ASTOARI EGITEN DIO ARRE
Bakoitza bereaz arduratzen da (edo arduratu behar da).

13.BALIZKO ESNEAREKIN EZIN GOSALDU
Hipotesietan ibiltzeak ez digu ezertarako balio bizitza errealean.

14.BARATXURIA, ZAZPI GAITZEN KONTRAKO JANARIA
Baratxuria: berakatza / Gaitz: gaixotasun, kalte
Baratxuria ona da hainbat gaixotasun sendatzeko (edo prebenitzeko).

15.BAT EMAN ETA BI HARTU, GURE ETXEAN EZ BERRIZ SARTU
Inork engainatzen bazaitu, ez izan harremanik berarekin

16.BAT ESAN ETA BESTEA EGIN, NOLA ASMATU HORRELAKOEKIN?
Normalean, gauza bat esan eta beste bat egiten duten pertsonekin ez da jakiten zelan jokatu, ez dakigulako zerekin etorriko zaizkigun.

17.BELEAK EZ DAU BELAKIRIK JATEN
Inork ez dio kalterik egiten bere kideari (korporatibismoa delakoagatik).

18.BOST XENTIMOKO PUPUA, HAMAR XENTIMOKO TRAPUA
Arazo bakoitzari bere neurriko konponbidea eman behar zaio; arazo txikia badugu, ezin dugu konponbidearekin exajeratu.

19.BURLA MINENA, EGIA DIOENA
Askotan egia esaten denean egiten da minik handiena, egia entzutea askotan oso gogorra da eta.

20.BURURIK EZ DUENAK, HANKAK IBILI BEHAR
Gauzak egin baino lehenago, ondo pentsatu; bestela, lan bikoitza egingo duzu.

21.DAGOENEAN PAR-PAR, EZ DAGOENEAN NEGAR
Momentu batzuetan pozik egongo gara gauzak ondo atera zaizkigulako; beste batzuetan, ordea, triste egongo gara ez zaizkigulako hain ondo atera.

22.DIRUA MORROI ONA, BAINA NAGUSI TXARRA
Dirua gure menpe dagoenean ez dago arazorik, baina kontrakoa gertatzen denean ez da hain ona izaten. Dirua edukitzea hobea da faltan izatea baino.

23.EGIA EGI, OGIA OGI, ARDAUA ARDAU, BI TA BI LAU
Gauzak diren bezalakoak dira edo izan behar dira eta ez dago beste bueltarik.

24.EGIA ERRAN ETA ADIXKIDEA GAL
Lehenago esan dugun bezala, askotan egia entzutea oso gogorra izaten da eta horren eraginez lagunak galtzea ere gerta daiteke.

25.ENBIDIOSOA, BERE ETSAI OSOA
Inbidia oso txarra da eta besteen inbidia daukan pertsonak bere buruari egiten dio kalterik handiena. Daukagunarekin pozik egoten ikasi behar dugu, besteek daukatenari hainbeste erreparatu barik.

26.ENTZUN ETA ISIL, BAIEZKO BOROBIL
Gaztelaniaz: “El que calla, otorga”.

27.ERORIZ IKASTEN DA OINEZ
Gauzak apurka-apurka ikasten dira, pazientziaz eta akatsak eginez. Akatsetatik beti ikas daiteke zerbait.

28.ESKUKO BEHATZAK ERE EZ ZITUEN JAINKOAK BERDINAK EGIN
Behatzak: atzamarrak
Den-denok gara ezberdinak, onerako edo txarrerako.

29.ETXEAN OTOITZIK EZ EGITEN, ETA AUZOAN MEZA EMATEN
Jende askok berak bakarrik dagoenean egiten ez duena, besteen aurrean egiten du (hipokresia) .

30.ETXEKO SUA ETXEKO HAUTSEZ ESTALI BEHAR DA
Etxeko arazoak etxe barruan konpontzea da onena.

31.EUSKARA BIHOTZEAN BAINA ERDARA EZPAINETAN
Gure herrian, zoritxarrez, egunero argi eta aldi gehiegitan ikus daitekeen egoera.

32.EZ EUKITXA ERE, MAITE ZAITXUNAK EMANGO DIZU
(Ez edukita ere, maite zaituenak emango dizu)
Maite zaituen pertsonak beti egingo du ahal duena zu laguntzeko eta zerbait behar baduzu beti saiatuko da hori ematen, ez badauka ere.

33.EZKONDU BAINO LEHEN, KONTU ZER EGITEN DEN
Ezkontzea oso kontu serioa da eta askotan ondo pentsatu gabe egiten da, baina gauzak ez dira beti diruditen bezain politak eta onak, horregatik ondo pentsatu behar da ezkondu aurretik.

34.FESTAK AURREA EDERRAGO DU ATZEA BAINO
Jaietan oso ondo pasatzen du jendeak, baita jaien aurretik ere, ailegatzeko gogoz egoten delako, baina ostekoa beste gauza bat da, hor ez da hain ondo pasatzen (eta urteekin gero eta txarrago!).

35.GANORABAKOEN ETXEAN GOIZEKO SALDA ARRATSEAN
(Ganorabako= ganorarik edo fundamenturik ez daukana)
Fundamenturik ez daukaten pertsonek, gehienetan, gauzak edozein modutan egiten dituzte.

36.GAUR HITZA EMAN, BIHAR HAIZEAK ERAMAN
Gehienetan hitzek ez daukate balio handirik eta gaur esaten dena biharko ahaztuta dago, ez bada paperean jasotzen.

37.GEZURRA ESAN NUEN GETARIAN ETA NI BAINO LEHENAGO ZEN ATARIAN
Norbaitek gezurra esaten duenean arin jakiten da.

38.GEZURTIAK ZER DUEN MEREZI? EGIA ESATEAN EZ SINETSI
Norbaitek gezur asko esaten badizu, horixe izan daiteke zigorrik onena: egia esaten dizunean ez sinestea. Artzain gezurtiaren ipuinaren irakaspena (“moraleja”) da hori.

39.HAITZEAN JAIOAK HAITZERA NAHI
Bakoitzak bere jaioterrian edo jaiotako lekuan egon nahi du eta hori da defendatzen duena beti. (Erdaraz= “La cabra tira al monte” edo horrelako zerbait)

40.HARTZEKO PRONTO, EMATEKO TONTO
Errazagoa izaten da hartzea ematea baino eta arinago ibiltzen gara hartu behar dugunean eman behar dugunean baino.

41.HITZEK BAINO GEHIAGO LORTZEN DUTE MALKOEK
Askotan lau malko botata pentsaezinak diren gauzak lortzen ditu jendeak. Hitz eginez baino askoz gehiago.

42.HOBE DA BAT ESKUAN, EZ BI AUZOAN
Erdaraz: “Más vale pájaro en mano que ciento volando”.

43.IBILTARI GAUEAN, LOGALE GOIZEAN
Gauez hortik ibili ostean goizetan ez gara oso fresko egoten.

44.JAKINDURIAK MUGAK DITU; EZJAKINTASUNAK EZ
Ezer ez dakitenek, asko dakitelakoan, botatzen dituzte munduko astakeriarik handienak. Dakienak, ordea, moderatzen du bere diskurtsoa.

45.KANPAIA NAHI EZ DUENAK ADITU, EZ DEZALA SOKA MUGITU
Ez badugu zerbait gertatzea nahi ez dugu hori probokatu behar, probokatzen badugu ondorioak jasan behar izango ditugu.

46.KATILUAN ZEIN ITSASOAN, ITOTZEA BETI ITOTZE
Hiltzeko modu asko daude, batzuk heroikoak, beste batzuk tontoagoak, baina emaitza azkenean berbera da.

47.LANIK ERRAZENA, AGINTZEA
Agintzea denoi gehien gustatzen zaigun lana da, gainera ez da ahalegin handirik egin behar horretarako.

48.LAZTAN ASKO TA MAITE GITXI, ASKO GURE ETA BERTAN ITXI
Giza-harremanetan, maitasuna barne, sakontasuna behar da; bestela, azaleko harremanak sortzen dira eta horiek berehala desagertzen dira (bakoitzak nahi duen bezala uler dezala!).

49.LEHEN HALA, ORAIN HOLA, GERO EZ JAKIN NOLA
Atzo gauza bat esan zenidan, gaur beste bat, bihar ze demontre?

50.LOTSABAKOARI LOTSABAKO T' ERDI.
Lotsabako: lotsagabe
Inor oso lotsagabea bada zurekin, onena da modu berean edo okerrago erantzutea, lotsa gutxirekin edo gutxiagorekin. Gaztelaniaz: “Si quieres taza, taza y media”.

51.MARINELAREN EMAZTEA, GOIZEAN SENARDUN, ARRATSEAN ALARGUN
Marinelen bizimodua oso latza da, itsasoan ibiltzea arriskutsua da eta emazte askok galdu du senarra itsasoan.

52.MEDIKUAK GORPUTZA GARBITU, APAIZAK ARIMA, ABOKATUAK POLTSA
Abokatuek beti eduki dute oso fama txarra jende artean.

53.NAGUSI ASKOREN ASTOA GOSEAK HIL
Pertsona asko daudenean gauza batez arduratzeko, azkenean inor ez da benetan gauza horretaz arduratzen.

54.NAHI BADA JAN, EGIN BEHAR DA LAN
Zoritxarrez, janaria erosteko dirua behar dugu eta dirua lortzeko lan egin behar dugu (gehienok, behintzat).

55.OGI GOGORRARI, HAGIN ZORROTZA
Arazo edo kontu ezatsegin baten aurrean gaudenean, honi ausardiaz eta gogoz aurre egin behar zaio.

56.OPARIA, LOKARRIA.
Lokarri: “atadura, obligación”
Zerbait ematen badigute oparitan, nolabaiteko obligazioa sortzen zaigu oparia egin digun horrekiko. Zorretan geratzen gara berarekin.

57.SALDA HOTZA ETA ARDO BEROA, GAUZA EROA
Gauzak modu egokian erabili behar dira. Horregatik, ez da batere zentzuduna salda hotz dagoela hartzea, edo ardo beroa edatea, edo beste hainbat gauza.

58.SANTUTASUN ETA DIRU, HAMARRETIK HIRU
Oso-oso zaila da (ezinezkoa ez esateagatik) aldi berean aberatsa eta santua izatea. Aukeratu egin behar da: aberatsa ala santua.

59.ZENBAT BURU, HAINBAT ABURU
(Aburu= iritzi, uste, pentsaera)
Jende asko dagoen bezala, iritzi asko ere badaude, bakoitzak berea dauka eta.

60.ZIKINA GARBITZEN UREZ, GAIZKIA URREZ
Zikintasun mota asko dago: fisikoak urez garbitzen dira, baina moralak diruz garbitu ohi dira (isun, kalte-ordain edo eroskeriaren bidez
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun