Hainbat ezezagunek papera birziklatzeko edukiontzi bat eta koltxoi bat erre zituzten atzo goizeko 11ak aldera, Gorlizen. Herrizaingo Sailaren arabera, oraindik ez dago argi sua zelan eragin zen eta, hortaz, ez dute baztertzen inolako teoriarik, tartean istripua, trauskilkeria edo kale erasoa izan izana. Izan ere, suaren abisua eman zuen auzokideak Gaminiz kaleko paper edukiontzi baten ondoan koltxoi bat erretzen ari zela jakinarazi zuen, eta garrak geroago egin zuten salto edukiontzira. Edozein kasutan, suhiltzaileek ez zuten arazorik izan sua amatatzeko. Pasa den ostiralean ere, bi kontainer kiskali zituzten Sopelako Akilino Arriola eta Etxebarri Zeharbide kaleetan. Kasu horiek kale erasotzat jo zituzten hainbat hedabidek. Argazkian, 2009ko abenduaren 6an, goizaldean, ezezagunek Leioan eragindako suteek 19 edukiontzi eta 8 ibilgailu kiskali zituzten. Geroago, eraso horiek gaixo psikiatriko bati leporatu zizkion Ertzaintzak.