Jone Uria bertsolari algortarrak erronka berria jarri dio bere buruari, Zarauzko Bertsolari Gazteen XXXIV. Txapelketaren edo Lizardi Sariaren txapela janztea, alegia. Horretarako, egungo Uribe Kostako txapeldunak honako arerioak izango ditu: Asier Azpiroz, Manu Goiogana, Aitzol Barandiaran, Ane Labaka eta Xumai Murua. Norgehiagoka Zarauzko Zinema pilotalekuan jokatuko dute, bihar, ostirala, gaueko 22:00etan. Bertara joaterik ez dutenek ordenagailuan ikusi ahal izango dute saioa,
Bertsoa.com-ek zuzenean emitituko baitu. Baina, Uria ez da Lizardi Sarian parte hartu duen algortar bakarra. Izan ere, kanporaketa gisa bi bertso afari antolatu zituzten pasa diren ostegun eta ostiralean Zarauzko Gure Kabia elkartean. Bertan, besteak beste, Itxaso Paya gelditu zen finaletik kanpo. Aldiz, Asier Azpiroz eta Manu Goiogana zuzeneko txartelak jaso zituzten eta beraz horiek lirateke Uriaren areriorik indartsuenak. Argazkian, Jone Uribe Kostako txapela jantzita.