Mundu osoko doinuak ekarriko ditu udalerrira Getxo Folk jaialdiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ira. 2a, 15:31

Gaur zortzi hasi eta hilaren 12ra arte, munduko musikak protagonista bilakatuko dira XXVI. Folk Getxo BBK jaialdian. Marta Herrera talde antolatzailearen kideak azaldu bezala (mp3), besteak beste, Oysterband, Mahala Raï Banda, Laydsmith Black Mambazo eta Xabi Aburruzaga portugaletetarra arituko dira jaialdian. Horiez gain, beste zazpi talde ere jardungo dira eta, horien eskutik, Itzubaltzeta / Romo eta Areeta kulturen arteko jaigune bilakatuko dira irailaren 9tik 12ra. Egitarauan, musika emanaldiez gain, bestelako jarduerak daude: Bidezko Merkatua, Munduko Terraza eta kaleko banden desfileak besteak beste. Bestelako jarduerak, ordea, doakoak izango dira. Hainbeste izen entzutetsuen artean jaialdian ez galtzeko moduko saio-gida egin du Koska irratiko Munduko Sustraiak irratsaioak (mp3). Azkenik, aurreko urteotan bezala jaialdia "arrakastatsua" izatea espero du Getxoko Udalak, Josu Loroño zinegotziak aitortu bezala (mp3). Argazkian, larunbatean Laydsmith Black Mambazo talde afrikarrak joko du / © Getxo.net.

Iaz bezala, kontzertu nagusiak ikusteko ordaindu beharko da, horien sarrerak dagoeneko salgai daudela. Irailaren 9, 10 eta 12ko kontzertuetarako sarrera arruntak 8 eurotan salduko dira eta bereziak (jubilatuentzat eta gazte txartela edo BBKren txartel gorria dutenentzat), berriz, 5 eurotan. Irailaren 11ko emanaldian, berriz, 15 eta 10 eurotan erosi ahal izango dira, hurrenez hurren. Lau egunetarako abonuaren truke, aldiz, 30 edo 20 euro ordaindu beharko da. Erosketak Algortako Villamonte kultur etxean eta BBKren orotariko kutxazainetan egin daitezke.

Egunero arratsaldeko taldeen eta artisten emanaldiekin abiatuko dira kontzertuak; emanaldi horiek Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazako karpan hasiko dira 19:00etan, igandean izan ezik, 18:30ean ekingo baitiote egun horretan. Areetako Xake plazako karpan, berriz, kontzertu nagusiak izango dira 20:30etik aurrera, eta horiek amaitutakoan, 22:30ak aldera, berriro ere Itzubaltzeta / Romoko saioen txanda izango da, Munduko Terraza ekimenaren bidez. Santa Eugenia plazako kontzertu guztiak doakoak izango dira, eta Xake plazakoak ordainpekoak.

Kontzertu nagusiak

Saio nagusiei dagokienez, Oysterband talde mitikoa Folk Getxo jaialdiko hogeita seigarren edizioari hasiera emateaz arduratuko da. Aipatutako taldea ingelesez, eskoziarrez eta galesez osatuta, Britainia Handiko folk-rockeko talde ospetsuenetariko bat da. Uharteko musika tradizionalean sustraitutako soinuen eta pop eta rock erritmoen arteko fusioan aitzindaria den boskote honek ibilbide luzea egin du, estudioko hamabi albumek eta mundu osotik zeharreko emanaldiek bermatuta.

Bigarren egunean, festa balkanikoaren txanda iritsiko da, Mahala Raï Banda taldearen eskutik, hau da: Bukaresteko behe auzoetatik sortutako talde errumaniarra. Bertan, hamaika herri ospakizunetan aritutako gazte musikariek eta haize-banda militarretan ikasitako artista beteranoek bat egiten dute, soinu tradizionalak ska, reggae edo funk erritmoekin uztartzen diren musika-nahasketa harrigarria sortzeko.

Jaialdia erdialdera iritsiko da larunbatean, hilaren 11an, edizio honen emanaldirik garrantzitsuenarekin: Ladysmith Black Mambazo. Hegoafrikako talde ospetsua Areetara iritsiko da Hego Afrikako musika tradizionalaren erritmo eta armonia nahaspilatuak gerturatzeko, gospel musikaren soinuekin eta sentimenduekin aberastuta.

Azkeneko egunean, hilaren 12an, Xabi Aburruzaga trikitilariak amaiera bikaina emango dio Folk Getxo Jaialdiari, "Denboraren naufrago" azken lanaren aurkezpenarekin. Horrekin, publikoa ametsezko bidaia musikaren bidez egitera gonbidatzen du. Eskainiko duen saio horretarako gonbidatutako hainbat artistarekin batera arituko da, besteak beste Oskorri taldeko Antton Latxa eta Natxo de Felipe, Mikel Markez, Amaia Oreja eta Oreka TX txalapartariak.

Doako ekitaldiak

Beste alde batetik, arratsaldeko kontzertuek bere filosofiarekin jarraituko dute, alegia; nazioarteko panoraman oso ezagunak ez izan arren, kalitate handia duten taldeei mugak irekitzea. Aurten, publikoak honakoen musikaz gozatu ahal izango du: Extremadurako Barrunto Bellota Band, Circuito de Musica Injuve zirkuituetan aukeratuta; Gaizka Baena euskal gitarra-jolearen flamenko-fusio proiektua; La Bruja Gata, Madrilgo saltsa-taldeko jai kutsuko erritmoak eta, azkenik, Mexikoko Efeleson bandaren soinu latindarrak eta afro eta karibetarrak.

Gauez, Munduko Terrazan, artista eta talde gazteen saioei txanda iritsiko zaie. Aurten, aipatutako eszenatokiak Asturiaseko musika tradizio zelta darabilen Judith Mateo eta Sevillako La Selva Sur banda hartuko ditu, andaluzak saioetan oso bestelako musika estiloak biltzeko gai direla. Eszenatoki gaineko musika proposamena osatzeko, haur kontzertu didaktiko bat eskainiko du Areetako Andres Isasi musika eskolako bandak, txikienak estimulatzeko eta musika mundurantz erakartzeko helburuarekin.

Aipatu bezala, jaialdia elkarren artean gertu dauden bi herri desberdinetan garatuko da. Alde batetik, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia kaleko karpak arratsaldeko saioak, Munduko Terraza eta haur jarduerak hartuko ditu barne. Areetako Xake Plazan, berriz, kontzertu nagusiak izango dira, baita Munduko Merkatua eta Bidezko Merkatua ere. Kaleak ere ez dituzte albo batera utzi, horiek guztiek Getxo Folk 2010 jaialdiaren beste eszenatoki bat osatuko baitute kaleko bandei esker. Horiek, aurten, Bavieratik, Eskoziatik, Salamancatik (Leon, Espainia) eta Asturiasetik etorriko dira eta musika hiri-gune osotik zehar zabalduko dute eguneroko desfileen bidez.

Jarduera osagarriak

Osagarrizko jarduerei dagokienez, publikoak Bidezko Merkatua bisitatu ahal izango du, alegia; Iparraldea eta Hegoaldearen arteko bidezko merkatua sustatzen duen ekimen bat, hainbat GKEren lankidetzarekin antolatuta. Bestalde, Munduko Merkatua puntu saihestezina izango da herrialde desberdinetan egindako artisau-produktuak gustatzen zaizkien bisitarientzat. Koan Elkartea produktu horiek guztiak Areetara gerturatzeaz arduratuko da. Halaber, Euskadiko Munduko Medikuak elkarteak antolatutako Munduko Terrazak aukera ezin hobea izango da beste kulturetako gastronomiaz gozatzeko, musika ona entzuten den bitartean. Azkenik, Getxoko Udal Inmigrazio Zerbitzuaren Kulturen Gunea egongo da jaialdian.

Egitarau osoa:

Irailaren 7an, asteartea:
- 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 22:30era, Areetako Xake plazan, Munduko Azoka.

Irailaren 8an, asteazkena:
- 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 22:30era, Areetako Xake plazan, Munduko Azoka.

Irailaren 9a, osteguna:
- 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 22:30era, Areetako Xake plazan, Munduko Azoka.
- 18:00etik 22:00etara, Areetako Xake plazan, Bidezko Azoka.
- 19:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, Barrunto Bellota Band (Extremadura). Sarrera doan.
- 19:00etan, Areetako Eskoletako plazatik banden desfilea. Doan.
- 20:30ean, Areetako Xake plazan, Oysterband (Ingalaterra, Eskozia eta Gales). Sarrera arruntak 8 eurotan. Bereziak 5 eurotan.
- Egun osoan zehar, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, Munduko Terraza (gastronomia eta musika).
- Egun osoan zehar, Areetako Xake plazan, Kulturen Gunea (proiekzio eta erakusketak).

Irailaren 10a, ostirala:
- 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 22:30era, Areetako Xake plazan, Munduko Azoka.
- 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etik 22:00etara, Areetako Xake plazan, Bidezko Azoka.
- 19:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, Gaizka Baena (Euskal Herria). Sarrera doan.
- 19:00etan, Areetako Eskoletako plazatik banden desfilea. Doan.
- 20:30ean, Areetako Xake plazan, Mahala Rai Band (Errumania). Sarrera arruntak 8 eurotan. Bereziak 5 eurotan.
- 22:30ean, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, Judith Mateo (Gaztela, Espainia). Sarrera doan.
- Egun osoan zehar, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, Munduko Terraza (gastronomia eta musika).
- Egun osoan zehar, Areetako Xake plazan, Kulturen Gunea (proiekzio eta erakusketak).

Irailaren 11a, larunbata:
- 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 22:30era, Areetako Xake plazan, Munduko Azoka.
- 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etik 22:00etara, Areetako Xake plazan, Bidezko Azoka.
- 19:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, La Bruja Gata (Gaztela, Espainia). Sarrera doan.
- 19:00etan, Bizkaiko Zubiko plazatik, banden desfilea Stadtakapelle Starnberg (Bavaria), Banda de Gaitas "Ciudad de Cangas de Onís" (Asturias), Stow Pipe Band (Eskozia), Asociación Surco-Botón Charro de Ciudad Rodrigo (Leon, Espainia), Andres Isasi musika eskolako fanfarrea (Areeta, Euskal Herria), Agurra Dantza Taldea (Algorta, Euskal Herria). Doan.
- 20:30ean, Areetako Xake plazan, Ladysmith Black Mambazo (Hegoafrika). Sarrera arruntak 15 eurotan. Bereziak 10 eurotan.
- 22:30ean, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, La Selva Sur (Andaluzia). Sarrera doan.
- Egun osoan zehar, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, Munduko Terraza (gastronomia eta musika).
- Egun osoan zehar, Areetako Xake plazan, Kulturen Gunea (proiekzio eta erakusketak).

Irailaren 12a, igandea:
- 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 22:30era, Areetako Xake plazan, Munduko Azoka.
- 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etik 22:00etara, Areetako Xake plazan, Bidezko Azoka.
- 18:30ean, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, Efeleson (Mexiko). Sarrera doan.
- 19:00etan, Areetako Eskoletako plazatik banden desfilea. Doan.
- 20:30ean, Areetako Xake plazan, Xabi Aburruzaga eta artista gonbidatuak (Euskal Herria). Sarrera arruntak 8 eurotan. Bereziak 5 eurotan.
- Egun osoan zehar, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, Munduko Terraza (gastronomia eta musika).
- Egun osoan zehar, Areetako Xake plazan, Kulturen Gunea (proiekzio eta erakusketak).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun